1994ko ekainaren 21ean izendatu zuten Gorbeiako parke naturala; Araba eta Bizkaia artean kokatuta dauden 20.016 hektareako ingurunea. Eremu zabal horretan gordetzen diren altxor guztien artean 1.481 metroko garaiera duen Gorbeia mendia nabarmentzen da. Euskal mendizaletasunaren erreferentziako gailurra.
Bertara igotzean topatuko du mendizaleak 18 metroko burdinazko ehun urtetik gorako gurutzea. Hain justu, 1907. urtean altxatu zen kristauteriaren gailurrik altuenetan gurutzeak eraikitzeko Leon XIII. Aita Santuaren agindua betetzeko. Hirugarrena da egungoa; haizeteek bota zituzten aurretik jarritako 33 metroko lehenengoa eta 23 metroko bigarrena.
Gailurra egin bitartean, baina, paisaiaz gozatu dezake bisitariak: pago, haritz eta ametzen baso ederrak topatuko ditu eta bidean, eta baita askotariko animaliak ere. Hegaztien artean, sai zuria, aztorea edo gabiraia hegan egiten ikusiko ditu; eta erreketako ur garbietan, berriz, mehatxatuta dauden baso igel iberiarra edo gailurretako uhandrea, esaterako.
Guzti horiei bertako arrazetako zaldiak, behiak, ahuntzak eta ardiak gehitu behar zaizkio; parkeko zelaietako jaun eta jabeak. Zortearekin, gainera, Gorbeiako parkeko beste bigarren erreferente batekin egin du mendizaleak topo: oreinarekin. Izugarria da, udazkenean, oreinen marrualdia zuzenean entzun ahal izatea.
Sei udalerri
Gorbeialdea, dena dela, Gorbeia parke naturala baino askoz gehiago da. Sei udalerrik osatzen dute kuadrilla: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia.
Denetarik aurkitu daiteke esandako eskualdean: Goiurin, esaterako, Oiardo errekan dagoen 100 metro baino gehiagoko ur-jauzia dago. Museoei dagokionez, Murgiako Eztiarenaz gain, Izarran Irubidaurreko museo etnografikoa aurkituko dute bisitariek, eta Ollerietan, Euskal Eltzegintzarena. Oinez edo bizikletan ibiltzea gustuko dutenek, ostera, Uribarri Ganboako urtegia inguratzen duen 45 kilometroko ibilaldia dute eskura; bainua hartzeko hainbat gune daude egokituta bertan.
Guzti horrez gain, eskualdean zehar hainbat txoko daude aisialdirako egokituta, hala nola, Aramaioko Andra Mari eta Marixeka, Legutioko Zabalain, Urrunagako Sorgimendi edo Jugoko Jugatxi.