Poeta, irakasle, aktore eta Poetak Maiatzean Nazioarteko Jaialdiaren zuzendariak jaien pregoia eman du gauean ehun lagunen aurrean. Bertaratutakoei eskerrak eman dizkie, berarentzat han egotea "ohore bat dela" gogoraraziz. Halaber, iaz lortutako Urrezko Zeledona gogora ekarri du, Gorka Ortiz de Urbinarekin batera eskuratu zuena.
Bestalde, jaiak emakume baten ohoretan direla azpimarratu du. "Konturatu al zarete Gasteizen dagoen emakumezko eskultura bakarra dela Andre Maria Zuria?". Emakume erreferente gehiago behar direla adierazi du. Ildo berean, emakueen aurkako indarkeria gaitzetsi du. "Jaiak seguruak izan daitezela, erasorik eta indarkeriarik ez dadila egon; emakumeok seguru senti gaitezela. Hiri osoa animatu nahi dut guzti-guztiok puntu more izatera", eskatu du Ruedak. Gerren aurkako dei bat egiteko lekua ere utzi du pregoilariak bere hitzaldian. Palestinaren aurkako genozidioa gelditu behar dela nabarmendu du.
Alaitasuna eta zoriona diskurtsoaren ardatzak izan dira, dena den. Alegría abestiaren moldaketa baten melodia entzun da Plaza Berrian, abesbatza baten eskuz. "Has dadila festa! Goza dezagun jaien magiaz! Goza ditzagun Gasteizko jaiak!". Mezu honekin itxi du Ruedak pregoia, jaiei hasiera emanez. Ondoren, Kresala Dantza Taldearen emanaldia eta argi-ikuskizuna iritsi dira pregoia ixteko.