ELISA RUEDA

"Amama izanda, jaiak ume baten moduan ikusten hasi naiz"

Juanma Gallego 2024ko abu. 1a, 06:00

Elisa Rueda poeta izango da aurtengo Gasteizko jaietako pregoilaria. Argazkia: IÑAKI GAMBOA

Aurtengo pregoia emango du Ruedak, poesia jaietara ekarriz. Jendea "batu eta alaitzen" duen poesiaren balioa nabarmendu du idazleak, eta goraipatu du Poetak Maiatzean jaialdian kolektiboek egiten duten lana.

Aurtengo Gasteizko jaietako pregoia emango du Elisa Rueda (Markina-Xemein, Bizkaia, 1959) poetak. Azken hamarkadetan irakaskuntza eta idazketa tartekatu ditu Ruedak, eta Poetak Maiatzean jaialdi ezaguna koordinatu du. 

Zorionak, lehenik eta behin, pregoilaria izateagatik. Nola hartu duzu ohore hau? 

Eskerrik asko! Egia da jaietara konbokatzea ohore handia dela. Poz-pozik jaso dut berria. Hasieran ezin nuen sinetsi ere; ume bat bezala poztu nintzen.

Agian zu jendaurreko halako kontuetara ohituta egongo zara. Baina honek bertigo pixka bat emango du ere, ezta? 

Bertigo handia, egia esanda. Batetik, alaitasuna transmititu behar duzulako; jende guztia festara konbokatu behar duzulako. Baina, modu berean, zerbait... ez dakit nola esan; zerbait inteligentea edo esan behar duzu ere.

Zentzuzkoa edo sakona, agian?

Bai, hori ere bai. Baina minutu batzuk baino ez dituzu. Horregatik, gaur egungo egoeraz hitz egin nahi dut, ahaztu gabe festa dela. Hots, zoriontasuna eta alaitasuna ahaztu gabe. Funtsean, ondo pasatu behar dugula jaietan, baina guztiok batera.

Sekretupean mantendu ohi da pregoia; baina, zein norabidetik joko duen esango diguzu?

Bai, gainera azken unera arte baliteke zerbait aldatzea. Badakizu, hau nahiko ohikoa da idazleen artean: hau kendu edo hau gaineratu... Gainera, pregoia prestatzean oso gauza polita gertatu zen. Egun batean, kalean nindoala, igerilekuetara zihoan lagun talde bat ikusi nuen, musika gailu batekin, poz-pozik. Bada, haiek gelditu nituen, eta galdetu nien ea beraientzat zer diren jaiak. Kontatu zidaten, eta dena grabatu nuen. Hala, hasi naiz jendeari galdetzen zer diren jaiak, eta hortik abiatuta ari naiz ondorioztatzen zer diren guztientzat.

"JAIETAN, ASPALDI IKUSI EZ DUZUN JENDEAREKIN TOPO EGITEN DUZU KALEAN; OSO POLITA DA"

Hara! Inspirazioa izateko, kaletik galdezka?

Bai. Baina, modu berean, jaiak niretzat zer diren ere jaso dut pregoian, noski. Gainera. konturatu naiz funtsean guztiok kointziditzen dugula.

Zuri zer datorkizu burura Gasteizko jaiak aipatzen ditudanean?

Tira: alaitasun galanta, eta ondo pasatzen ditudan egun batzuk. Batetik, aspaldi ikusi ez duzun jendearekin topo egiten duzu kalean. Ea, oso polita da kalean elkartzea: iristen zara kale baten hasierara, eta ez zara iristen bukaeraraino, jende askorekin topatu, agurtu eta zerbait kontatzen diozulako. Bestetik, aintzat hartu behar da Gasteizko jaiak kulturalak direla, eta joateko moduko ekitaldi asko daudela. Orain, amama naizenez, berriz ere jaiak ume baten ikuspegitik ikusten hasi naiz, eta hori ere oso polita da. Nire bilobari asko gustatzen zaizkio erraldoiak eta buruhandiak... eta horregatik, une horiek berarekin gozatzea gustatzen zait. Beldurtuta dago, irrikan hurbiltzeko, eta gero irrikan ere alde egiteko. Argi dago jaiak umeekin bizitzea oso kontu polita dela.

Adin guztietarako direnez, jaiak modu askotara bizitzeko aukera dago, ezta?

Hala da, bai. Programazioa ikusten badugu, guztiontzat dago zerbait: ekitaldiren bat musika... eta ezin ditugu ahaztu txosnak, blusak eta neskak... haiek ere animatzen gaituzte. Festa gogorik ez izanda ere, haiek ikustea nahikoa da animatzeko. Hala, oso giro polita sortzen da Gasteizen, eta oso erakargarria, gainera: izan ere, kanpotik datorren jendeak hori esaten du: egun horietan haiek ere modu batean gasteiztar sentitzen direla, hemen bisitariak oso ondo onartzen ditugulako.

"POETAK MAIATZEAN JAIALDIA OSO SARTUTA DAGO GASTEIZEN ZEIN ARABAKO HERRI ASKOTAN ERE"

Elkarrizketa lotzeko hots egin nizun egunean Granadan zeunden, sari bat jasotzen...

Bai, ohorezko saria eman didate bertan: Dama de Baza. Nire ibilbide literarioari aitorpena izan da. Eta bihar ere [uztailaren 24an] Albaniara noa.

Albaniara. Zer egingo duzu ba bertan?

Poesia jaialdi batera gonbidatuta nago, eta aspalditik baietza eman nuen. Gero jakin nuen pregoilaria izango nintzela, eta datak oso gertu egongo zirela. Baina, tira, hitza bete eta Albaniara joatea erabaki nuen. Gainera, Albaniako hiriburuan, Tiranan, Gasteizi buruz eta jaiei buruz hitz egiteko asmoa daukat, eta gonbidatuko ditut bertan egongo direnak ere jaietara etortzeko, noski. Bost eguneko poesia jaialdia da, eta euskarazko poemak irakurriko ditut ere. 

Ai ama. Hortaz, euskara non eta Tiranan!

Bai, ni kanpora joaten naizenean beti saiatzen naiz euskara eramaten. Adibidez, ekain osoa Kolonbian eman dut, eta bertan ere errezitatu dut euskaraz. Hangoek ez zuten imajinatzen gure hizkuntzak duen musika. Leku guztietatik poz-pozik entzuten dute euskara, eta euskaraz zein gaztelaniaz errezitatzen dudan arren, lehena beti da euskara.

Zentzu batean, enbaxadore lanak egiten dituzu!

Bai, kar-kar! Gainera, agian izango da maistra naizelako, baina kontua da joaten naizen lekuetara hitz batzuk irakasten dizkiedala beti bertakoei: egunon, arratsalde on, gabon, bai, ez, eskerrik asko… leku askotan dakizkite horiek.

Nola uste duzu joan dela Poetak Maiatzean ekitaldiaren azken edizioa?

Oso ondo. Gero eta arrakasta gehiago du ekimenak. Oso sartuta dago hirian zein Arabako herri askotan ere. Oso gustura ibili gara, benetan; tartean, gertatzen diren gauzak oso hunkigarriak direlako. Ateratzen dira adin guztietako pertsonak. Ez soilik gure gonbidatuak entzuteko: kolektibo askok parte hartzen dute gure ekitaldiak prestatzen. Eta hori oso polita da, guztion jaialdia bihurtu delako.

Egia da jendeak oso kontu bereziak egiten dituela, eta adin guztietako jendea biltzen dela...

Bai, askotariko gauzak egiten dira. Gainera, gauza asko beranduago antolatzen dira, eta programa ofizialean ez dira agertzen. Ez dakit zer gertatzen ari den poesiarekin, baina batu eta alaitzen gaitu. Giro berezi bat sortzen da, gainera. Agian idaztea ez da erraza, eta guztiok ezin dugu hori egin. Baina bai irakurri ahal dugu. Eta hori oso polita da, azken finean, idazle baten poema propio egiten duzulako.

Eta, askotan, intonazioaren arabera, poema interpretatu ere, ezta?

Bai. Jada ez dira poetaren hitzak, zureak baizik. Esan bezala, zuk propio egiten duzu poema hori. Zure bizitzara eramaten duzu, eta zurea sentitzen duzu. Beraz, interpretatu bai, baina bizi ere bizi egiten duzu.

Etorkizun hurbilari begira, zer plan dituzu? Motxila bete, ala udaz gozatu baino ez?

Berriro, motxila, kar-kar! Momentuz, herrian, Apilaizen. Oso herri txikia da, ez dauka ez dendarik ez tabernarik. Baina basoa guretzat da, eta hori zoragarria da. Momentuz, asmoa da atseden pixka bat hartzea, Kanariar Uharteetara joatea, eta, ondoren, hainbat jaialdi zain ditut. Laburbilduz, deskantsatu eta mugitu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago