2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako behin betiko programazioa aurkeztu dute gaur Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Etxebarriaren esanetan, "gure bertsiorik onena proiektatzeko aprobetxatu egin behar dugu", egun horietan bisitan etorriko direnekin "gure kultura eta ohiturak partekatzeko".
Besteak beste, ordekari politikoek azpimarratu dute euskararen, tokiko artistak eta emakumeak eta irisgarritasuna izango direla oinarrietako batzuk. Azken honi dagokionez, Diaz de Corcuerak hainbat neurri praktiko iragarri ditu. Hala, pregoia zeinu hizkuntzan eskainiko dute, mugikortasun urriko pertsonentzako guneak erreserbatuko dituzte Foru plazako kontzertuetan, jai uneetan egokitutako komunak jarriko dituzte, eta kutsadura akustikoa kontrolatuko dute.
Abuztuaren 2tik 9ra bitartean 400 ekitaldi baino gehiago egingo dira. Berritasunen artean, hilaren 2an izango den pregoiaren eta Zeledonen jaitsieraren artean dagoen larunbata ere programazio eguna izango da.
ALEAk aurreratu zuen bezala, aurten Santa Maria plaza jai gune berria izango da, "euskal folkloreari eta kulturari protagonismo handiagoa" eman nahian, Diaz de Corcueraren hitzetan.
Hala, Aihotz plazan eguerdiko eta gaueko programazioa egingo dira: trikitia (12:00etan), bertsolariak (13:00etan) eta kontzertuak (23:00etan). Santa Maria plazan, berriz, arratsaldeko jarduerak egingo dira: kontzertuak eta ikuskizunak (19:45ean) eta Larrain Dantza eta Txulalai (21:15ean).
Musikarien artean, Foru plazan Nil Moliner, Zetak, Esne Beltza, Luz Casal eta Doctor Deseo izango dira. Aihotz plazan, bestetik, Modus Operandi, Süne, Sara Zozaya eta Kalakan.
Aurten Gasteizek milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu jaietara. Orotara, 1.082.000 euroko aurrekontua izango dute jaiek, iazkoek baino 102.000 euro gehiago, hain zuzen.