Urtero bezala, uztailaren 25ean, Blusa eta Nesken Eguneko goiztiarrenak izango dira baratxuri zaleak, 07:00etatik 00:00etara izango baitira zabalik baratxuri azokako saltokiak. Aurten, ohiko tokia berreskuratuko dute postuek, San Frantzisko aldapa eta Errege kalea, hain zuzen ere. Hego Euskal Herria, Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon eta Kantabriatik iritsitako saltzaileek 70 postu inguru jarriko dituzte salmenta ibiltariko aldizkako azoka ospetsuan.
Bestela, ohiko ekitaldiak izango dira jaien atarikoa izaten den ospakizunean. Goiz partean, lore eskaintza eta ohorezko aurreskua egingo zaie zendutako neskei eta blusei, Santa Isabel hilerrian, 10:00etan; eta ordu erdi beranduago hasiko da bigantxen ikuskizuna Iradier Arena plazan. 10:30ean ere zesta puntako lantegia antolatu dute, haurrentzat, Foru plazan.
Dagoeneko, Andre Maria Zuriaren jaien atariko ekitaldien artean erreferente bihurtu den ardo upelen lasterketak zazpigarren edizioa beteko du aurten. Jardunaldia 10:00etan hasiko da akreditazio banaketarekin, eta lasterketako taldeen desfilea egingo da segidan. 11:00etan irteera emango dute Ruth Brito eta Eneko Llanos triatletek Plaza Berritik, eta ondoren Andre Mari Zuriaren plaza, Mateo Moraza eta Lehendakari Agirre zeharkatuko dituzte lasterkariek, Plaza Berrira itzuli arte. Bi blusa edo neska egongo dira upel bakoitza bultzatzen, eta guztira lau bira eman beharko dizkiote zirkuituari, txandaka. Aurten berrikuntza da kategoria misto bakarra egongo dela, eta neskak zein blusak bertan lehiatuko direla.
Ibilbidearen zehar, Gaztedi rugby taldeko boluntarioek upelak biraka eta kontrolatuta doazela ziurtatuko dute, eta Arabako Atletismo Federazioak boluntarioek denbora neurtu eta irabazleak zehaztuko dituzte. Irabazleek Mitarte upategiko 225 litroko upela jasoko dute. Sarien artean Arabako Errioxako ardoak, Arabako txakolina eta Arabako Errioxako esperientziak egongo dira, besteak beste.
Ondoren, 12:45ean, Foru Plazan, herri kiroletan lehiatuko dira blusa eta nesken kuadrillak; eta, bazkaldu eta gero, kalejira tradizionala egingo dute blusen eta nesken federazioak zein batzordeak. Hala, Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioko kideak 16:30ean aterako dira joateko kalejira egiteko Plaza Berritik, Dato eta Florida kaleetan barrena, eta Errioxa kaleraino. Blusen eta Nesken Batzordea osatzen duten kuadrillak, berriz, ordu erdi beranduxeago aterako dira, 17:00etan, eta ibilbide berdina egingo dute. Itzultzeko kalejira 20:00etan egingo dute federaziokoek, Jesus Guridi kalean hasita, Independentzia kalean barrena, eta Errioxa kalean hasita Dato kalean barrena. Batzordekoek, 20:30ean hasiko dute kalejira.
Pilota partidak
Bestalde, Santiago Eguneko protagonisten artean emakumezko kirolariak sartu dira aurten ere; hain zuzen, pilotariak. Hala, 11:30ean, Emakumeen Esku Pilotaren IV. Masterraren finalerdiak jokatuko dira, Arabako Euskal Pilota Elkarteak antolatuta. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera, Emakumeen palako IV. Masterraren Finalerdiak izango dira. Bi saio hauek Foru plazako frontoian egingo dira, baina euria egiten badu, Ogeta pilotalekura mugituko dituztela ohartarazi dute.
Ardoa protagonista campusean
Halaber, urtero gisa, unibertsitateko campusa okupatuko du Santiagoko nekazal eta ganadu azokak, Arabako Diputazioak antolatuta. Arabako Errioxako ardoak izango du aurtengo Santiago eguneko azokaren protagonismo berezia; 10:00etatik 14:00ak arte, herrialde osoko ekoizleen eta erosleen arteko topalekua bilakatuko da campusa. Gainera, abereen erakusketa ere egongo da, Araban hazitako abere espezie eta arrazen erakusketarekin. Makineriaren erakusketa ere ez da faltako.
Era berean, beste behin ere, Santa Barbara plazan egingo da Andre Maria Zuriaren jaietako artisautza azoka, uztailaren 24tik abuztuaren 10era bitartean. Tokiko eskulangileen produktuak zein beste toki batzuetakoak (Thailandia, Nepal, Egipto, Turkia...) erosi ahal izango dira bertan: bisuteria, kosmetika, larrugintza, osagarriak eta ehungintza izango dira, besteak beste. Azoka uztailaren 24an irekiko dute, 12:00etan.
Gainera, uztailaren 22tik abuztuaren 8era zabalduko dute berriz Mendizabaleko feria lekua. Aurtengorako jardueren eskaintza handia izango da: 25 atrakzio, ostalaritzako 20 postu (elikagaienak eta ardoen etxolak), eta 20 tonbola, bingo eta tiro egiteko toki.