Arabako Errioxako ardoak izango du aurtengo Santiago eguneko azokaren protagonismo berezia, aldundiak gaur iragarri duenez. "Ardoa nazioartean lurralde gisa adierazten gaituen produktua da, eta guztiz beharrezkoa da balioa ematea", adierazi du Noemi Agirre Nekazaritza diputatuak. Egunaren aurkezpenean, foru diputatuak alboan izan du Txema Elvira Arabako Errioxako presidentea.
Agirrek gogora ekarri du 1.500 familia baino gehiago lotuta daudela sektoreari, 13.000 hektareako mahastiak ekoizten. Eurek egindako lanaren ondorioz, eskualdean dauden 230 upategik baino gehiagok aukera ematen dute "kalitate bikaineko ardo bereziez gozatzeko", nabarmendu du Agirrek. Erantsi du "lurraldearen nortasun ikurrak" direla ardo horiek.
Arabako Errioxako Kuadrillak antolatutako Errioxa Jatorrizko Izendapenaren azken lehiaketako ardo irabazleen sorta bat edateko aukera izango da, eta horiek uztatuko dituzte Slow Foodek aukeratutako Arabako produktuen hautaketa batekin.
Hortik harago, ohi bezala, unibertsitate campusaren ingurua nekazarien eta abeltzainen produktuak sustatuko dituzte hilaren 25ean, Arabako nekazaritzaren "erakusleiho handia" bihurtu nahian.
Besteak beste, arraza autoktonoetako abereen erakusketa, azpigorri ahuntza, latxa eta sasi ardia, terreña behia, Enkarterrietako astoa edo Euskal Herriko mendiko zaldia ikusi ahalko dituzte bertaratzen direnek. Horrez gain, 35 artisau ekoizle inguru ere bilduko dira.
Ekoizpen horri lotutako kulturaz eta errealitateaz ikasteko, upeltegiko elaborazioko makina zaharrak, traktoreak eta nekazaritza makinak berriak ikusgai izango dira. Bestetik, Larry Karlin artistak Rene Cassin kalean ardoz margotutako koadroak egingo ditu. Elikadura osasungarriari buruzko haurrentzako tailerrek eta herri kirolen erakusketek osatuko dute eguneko egitaraua.