The Mummies, Les Greene eta Los Sirex batu dira Azkena Rock jaialdira

Erredakzioa 2024ko mar. 17a, 12:00

The Mummies garage punk talde kaliforniarra. Argazkia: @HereComesTheMummies

Trashville guneko proposamenek osatu dute Azkena Rock Festival jaialdiaren programazioa: Jo Carley and The Old Dry Skulls, Ghalia Volt, The Bank Robbers, Tiburona, The Kongsmen, Funtasmas, Old Time Spooks, Ukelele Joe & Sus Hula Shakers...

Ekainaren 20tik 22ra bitartean ospatuko da aurten Azkena Rock Festival jaialdia, Mendizabalean. Azaroan lehen kartelburuak iragarri zituen Gasteizko rock jaialdiaren XXII. edizioak: hilaren hasieran, Queens Of The Stone Age eta Sheryl Crow; handik bi astera, Jane's Addiction; eta hiru horiez gain, beste hemezortzi talde konfirmatu zituzten 2023aren amaieran. Otsailean, berriz, Band Of Horses eta beste hamar talde iragarri zituen Last Tourrek.

Aste honetan, berriz, edizio honetarako laugarren iragarpen sorta plazaratu du Azkena Rock jaialdiak, Trashville guneko programazioaren aurkezpenarekin. Hain zuzen ere, publikoaren eta agertokiaren arteko bereizketa lausotzen den tokia da Trashville karpa, genero basati eta zoroenen plaza, rock & rollaren zulorik ilunena. Garage, surf, rockabilly, hillbilly eta ezinezko abiaduran jotako riffen etxea izango da Trashville, hamaika talde eta bederatzi DJren eskutik.

Jaialdiaren aurtengo irudi osoa diseinatu duen Raisa Alava artista arabarraren eskutik dator kartela.

Trashvilleko kartelburuak hiru izango dira aurten: The Mummies 90. hamarkadako garage punk talde kaliforniarra; Les Greene, Elvis (2022) filmean Little Richarden ahotsa egiteagatik Grammy sarietarako hautagai izendatu zuten artistaren taldea, 60. hamarkadako soul, funk eta R&B soinuekin; eta 1959an sortutako Los Sirex taldea, besteak beste Espainiako rockaren historian betirako geratu den Si yo tuviera una escoba ereserkiaren egileak.

Horiez gain, bestelako proposamen interesgarri asko izango dira Trashvilleko karpa nagusian: Jo Carley and The Old Dry Skulls, vodevil ukitu ikaragarriarekin; Ghalia Volt talentu handiko artista belgikarra, bere ahots bereziarekin eta gitarra lagun, blues eta rock estiloekiko grina azaleratzen duena; The Bank Robbers, The Nitemares taldearen garaiak gogora ekarriz, Marcos Sendarrubias eta Isaac Gonzalez berriro elkartu dituen rockabilly proiektua; eta Tiburona power trio hirukote madrildarraren riff kutsakorrak, espiritu bizi-bizia eta itzulingururik gabeko diskurtsoa.

Bestalde, gorila amorratuen maskarak jantzita iritsiko dira The Kongsmen Bartzelonako R&B konboa, musikari bikain eta eskarmentudunez osatutakoa; jantzirik onenaren saria irabazteko lehian izango dira Funtasmas zirraragarrien izara zulatuak ere; B serieko beldurrezko film batetik ateratako diskurtsoarekin eta amerikar folkloreko instrumentu tradizionalak erabiliz, Old Time Spooks taldeak hankaz gora jarriko du Trashville; eta gauza bera egingo dute Ukelele Joe & Sus Hula Shakers taldekoek ere, erritmo biziko punk rock, garaje eta surf proposamenarekin.

DJak

Gaua egunsentira arte luzatu ohi da Trashvillen, DJ bikain eta trebeen eskutik. Aurten, Juan de Pablos y sus alumnos Runaway proiektuak hartu du ardura hori bere gain, Radio 3 irratiko esatari mitikoak The Runaway Lovers bilbotarrekin egin duen aliantza epiko batekin. Foroazkenarock DJs ere arituko da zeregin horretan, Estatuko rock-panoramako fororik zaharrenak 20 urte betetzen dituela ospatzeko. Clara Lobo aka DJ Wolf-A ARFko podcastaren aurkezleak hit bata bestearen atzetik jarriko du. Eta horiez gain, Pep Tones, Iker Discofagia, La Guerrero, Eloy R.B, Mr. Lobo eta AK Pintxadiskos DJek osatuko dute zerrenda.

 

PROGRAMAZIOA

Horrela, guztira 43 talde —32 oholtza nagusietan eta beste 11 Trashvillen— eta bederatzi DJ baieztatu dituzte orain arte. Abonamenduak salgai daude jada, eta eguneko sarrerak otsailaren 14tik daude salgai, azkenarockfestival.com webgunean:

Ekainak 20, osteguna
  • JANE'S ADDICTION
  • TY SEGALL
  • TARQUE & LA ASOCIACIÓN DEL RIFF
  • BONAFIDE
  • WHISPERING SONS
  • BRIGADE LOCO
  • TXOPET
  • TRASHVILLE:
    • LOS SIREX
    • UKELELE JOE & SUS HULA SHAKERS
    • OLD TIME SPOOKS
    • ELOY R.B (DJ)
Ekainak 21, ostirala
  • QUEENS OF THE STONE AGE
  • L7 plays Bricks Are Heavy
  • ARDE BOGOTÁ
  • GLEN HANSARD
  • DEMOLITION 23
  • REDD KROSS
  • THE RAIN PARADE
  • LA PERRA BLANCO
  • THE BLACK HALOS
  • DEA MATRONA
  • EZPALAK
  • TRASHVILLE:
    • LES GREENE
    • JO CARLEY & THE OLD DRY SKULLS
    • GHALIA VOLT
    • THE KONGSMEN
    • DJak:
      • JUAN DE PABLOS Y SUS ALUMNOS RUNAWAY (DJ)
      • LA GUERRERO (DJ)
      • CLARA LOBO AKA DJ WOLF-A (DJ)
      • SR. LOBO (DJ)
Ekainak 22, larunbata
  • BAND OF HORSES
  • SHERYL CROW
  • MAVIS STAPLES
  • WARREN HAYNES BAND
  • ST. PAUL & THE BROKEN BONES
  • ALL THEM WITCHES
  • PSYCHEDELIC PORN CRUMPETS
  • THE DETROIT COBRAS
  • LENDAKARIS MUERTOS
  • THE PLEASURE FUCKERS
  • PIL.T.
  • MOONSHINE WAGON
  • ENTROPIA
  • TRASHVILLE:
    • THE MUMMIES
    • TIBURONA
    • FUNTASMAS
    • THE BANK ROBBERS
    • DJak:
      • FOROAZKENAROCK DJS (DJ)
      • PEP TONES (DJ)
      • IKER DISCOFAGIA (DJ)
      • AK PINTXADISKOS (DJ).

PREZIOAK

  • Hiru eguneko bonua: 175 euro.
  • Sarrera solteak:
    • Osteguna: 50 euro
    • Ostirala: 75 euro
    • Larunbata: 75 euro
  • Gazte Bonua: 100 euro (15 eta 23 urte bitartekoentzat)
  • 14 urtetik beherakoak: dohainik

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago