Queen of the Stone Age eta Sheryl Crow dira Azkena Rock Festival 2024 jaialdiaren lehen kartelburuak, eta horiekin batera beste hamabost talde iragarri ditu Last Tourrek: All Them Witches, Arde Bogotá, Glen Hansard, The Pleasure Fuckers, Ty Segall, St. Paul & The Broken Bones, Pi L.T., Brigade Loco, Dea Matrona, The Detroit Cobras, Ezpalak, Lendakaris Muertos, Moonshine Wagon, The Rain Parade eta Txopet.
2024ko jaialdia ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango da; ohi bezala, Mendizabalean izango da Gasteizko rock festa handiaren erdigunea.
Ohiko sarrerak eta abonamenduak azaroaren 10ean, ostiralean, jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera. Hala ere, publiko fidelenarentzako bonuen aurresalmenta jarriko dute 115 euroko prezio berezian: astearteko 10:00etatik ostiraleko 10:00etara.
Raisa Alava artista eta ilustratzaile arabarrak egin du aurtengo kartela, besteak beste 2023ko Toureko kartela eta The New York Times argitalpenerako hainbat pieza ondu ostean.
Queens of the Stone Age
In Times New Roman disko berriarekin, Queens Of The Stone Age taldea hondeamakina baten antzera iritsiko da ARF 24 jaialdira Kaliforniatik, Rockaren Olinpoko eskubide osoko kide izateaz gain egungo ezinbesteko taldeetako bat direla argi uzteko. ARF zaleen arabera, taldeak jaialdiaren "inoizko zuzenekorik onena" eskaini zuen 2011n, Euskal Herrira etorri ziren azkeneko aldian. Aurretik ere, lehenbiziko aldiz kartelburu izan ziren 2005eko ARFean.
Sheryl Crow
AEBetako musikaren ordezkari nagusienetako bat da Sheryl Crow. Duela bi hamarkada baino gehiago izan zen azken aldiz Espainiako Estatuan. Estreinatu berri duen dokumentalarekin gaur egunera jauzi egin du, ikono feminista eta borrokalari gisa: Michael Jacksonen korista izaten hasi zen, baina ibilbide propioa jorratu zuen ondoren, country, rock, pop, folk, edo blues estiloekin jolasean, disko arrakastatsuak kaleratuz, hit atenporalak sortuz eta gizonak nagusi diren rockaren munduan gora egitea lortuz. Bide horretan, besteak beste, Rolling Stones, Jason Isbell, Loretta Lynn, Johnny Cash, Stevie Nicks edo Willie Nelsonekin kolaborazioak egin ditu.
Sheryl Crow, 2024ko kartelburuetako bat.
Argazkia: ARF
Arde Bogotá
Zenbaiten ustez Estatuko rockaren salbatzaileetako bat da Arde Bogotá taldea, eta ARF jaialdiaren sare sozialetan jendeak gehien eskatzen duen taldeetako bat. Gutxienez, argi dagoena da bere unerik onenean dagoela, bira berriaren barruan aretoetan eskaintzen ari diren kontzertu guztietan sarrerak agortzen ari dira eta. Produkzio zaindua, indar eta sentimenduz jositako letrak eta Arctic Monkeys, Foo Fighters edo Héroes del Silencio taldeen eragina nabaria da beren ibilbidean.
Nazioarteko taldeak
Ohikoa denez, kartelburuez gain, harribitxiak eta nazioarteko izen handiko taldeak ere izango dira ARF jaialdian:
- Glen Hansard irlandarrak disko berria argitaratu zuen duela bi aste: All That Was East Is West of Me Now. Kalean hasi zen musika jotzen, Jatorrizko Abesti Onenaren Oscar Saria ekarri zion Once filmeko bere pertsonaia bezalaxe.
- Ty Segall Kaliforniako (AEB) artista emankor eta eklektikoak rock, psikodelia edo folk estiloak ezin hobe nahasten ditu.
- St. Paul & The Broken Bones soul taldea Alabaman (AEB) sortu zen 2012an, eta retro soinua bere modura moldatzen du.
- All Them Witches Nashvilleko (AEB) taldeak neo-psikodelia eta blues iluna eskaintzen ditu. Blue Cheer edo Black Sabbath zaleentzako belaunaldi errelebotzat hartu dute askok.
-
The Detroit Cobras taldea Robocop filmeko hiriko garaje mundutik dator (Michigan - AEB), eta MC50 taldeko Marcus Durant kide berria fitxatu dute duela gutxi, bokalista gisa.
-
The Rain Parade: AEBetako mendebaldeko kostaldeko hainbat talderekin batera, 60. hamarkadako garai psikodelikoa inspirazio iturri gisa hartuta, 80. hamarkadaren hasieran Paisley Underground eszena sortu zuten taldeetako bat da. ARF jaialdian egingo dute Espainiako Estatuko kontzertu bakarra, azken 30 urtetan grabatu duten lehenengo estudioko lana aurkezteko.
-
The Pleasure Fuckers: taldeko abeslaria zen Kike Turmix hil zenetik ia bi hamarkada igaro diren honetan, punk talde madrildarra berriro elkartu da ARF jaialdian kontzertu bat eta bakarra emateko, The Humpers taldeko Scott Drake abeslariarekin.
-
Dea Matrona: Irlandako neska gazteen talde indartsua, Fleetwood Mac edo Led Zeppelin taldeen eraginpean rock klasiko eta gitarreroa eginez.
Eusko Labeldun rocka
Espainiako Estatuan, Europan eta AEBetan egiten den musikaz gain, bertako eszenak ere merezitako espazioa izango du aurtengo ARF jaialdian, Euskal Herria kalitate handiko rock taldeen harrobi izan baita historikoki:
- Π L.T. metal taldearen itzulera. 90eko hamarkadan Mungian (Bizkaia) sortu zen, eta, 2017an berriz biltzeko saialdi labur bat egin ostean, indarberrituta datoz oraingoan, besteak beste, gure mugetatik at ere iritsi zen Hil da jainkoa ereserkiarekin.
- Lendakaris Muertos punk talde nafarrak jarraitzaile sutsu ugari ditu. Protestatik bezainbeste katxondeotik ere baduen proposamenarekin, bi hamarkada baino gehiago daramate bide horretan.
- ARF 23 jaialdiaren azkeneko egunean euri-zaparrada galanta bota zuen arratsaldeko lehen orduan, eta gaur egungo euskal rockean punta-puntakoak diren bi taldek ezin izan zuten jo; beraz, aurten berriro ere sartu dituzte kartelean: Brigade Loco, zale ugari dituen punk taldea; eta Ezpalak, azken urteotan euskaraz egindako musika alternatiboaren erreferentea.
- Moonshine Wagon talde gasteiztarra heavy-bluegrass estiloan erreferentea da.
- Txopet Bilboko rock alternatibo berriaren inguruan mugitzen da, eta Gaztea irratiko maketa lehiaketaren irabazle izan zen.