Band Of Horses ere Azkena Rock jaialdian izango da aurten

Erredakzioa 2024ko ots. 9a, 12:30

Band of Horses indie folk rock taldea da laugarren kartelburua. Argazkia: ARF

Mavis Staples, L7, Redd Kross, Warren Haynes, Demolition 23, The Real McKenzies, Bonafide, La Perra Blanco, Whispering Sons eta Entropia taldeak ere iragarri ditu Azkena Rock Festival jaialdiak, egunez eguneko egitaraua aurkeztearekin batera.

Ekainaren 20tik 22ra ospatuko da aurten Azkena Rock Festival jaialdia, Mendizabalean. Azaroan lehen kartelburuak iragarri zituen Gasteizko rock jaialdiaren XXII. edizioak: hilaren hasieran, Queens Of The Stone Age eta Sheryl Crow; handik bi astera, Jane's Addiction; eta hiru horiez gain, beste hemezortzi talde konfirmatu zituzten 2023aren amaieran.

Hiru hilabete beranduago iritsi da laugarren kartelburua: Band Of Horses AEBetako indie rock eta folk rock taldea batu da artisten zerrendaren goiko aldera.

Iragarpen berri horrekin batera, kartelaren maila baxuago batean agertuko diren beste hamar talde baieztatu ditu Last Tourrek ostiral honetan: Mavis Staples soularen legenda; Los Angeleseko L7 emakumezkoen taldea, Bricks are heavy disko mitikoa jotzen; sekula baino aktiboago dagoen Redd Kross taldearen itzulera; historiako gitarrista onenen artean dagoen Warren Haynes handiaren bakarkako proiektua; The Real McKenzies celtic punk talde kanadarra; Bonafide suediarrak; Michael Monroek eta Hanoi Rocks taldeko beste kide ohi batzuek osatutako Demolition 23 kultuzko banda; La Perra Blanco rockabilly hirukotea; Whispering Sons taldearen post-punk berria; eta Entropia gasteiztarren rock psikodelikoa.

Horrela, guztira 32 talde baieztatu dituzte orain arte. Abonamenduak salgai daude jada, eta eguneko sarrerak otsailaren 14ko 10:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, azkenarockfestival.com webgunean; une horretatik aurrera, bonuaren prezioa aldatu egingo da.

PROGRAMAZIOA

Honako hauek dira 2024ko Azkena Rock Festival jaialdirako orain arte iragarritako 32 taldeak —gehiago izango dira, eta ordutegiak ere aurrerago zehaztuko dituzte—:

Ekainak 20, osteguna
  • JANE’S ADDICTION
  • TY SEGALL
  • TARQUE & LA ASOCIACIÓN DEL RIFF
  • BONAFIDE
  • WHISPERING SONS
  • BRIGADE LOCO
  • TXOPET
Ekainak 21, ostirala
  • QUEENS OF THE STONE AGE
  • L7 plays Bricks Are Heavy
  • ARDE BOGOTÁ
  • GLEN HANSARD
  • DEMOLITION 23
  • REDD KROSS
  • THE RAIN PARADE
  • LA PERRA BLANCO
  • THE BLACK HALOS
  • DEA MATRONA
  • EZPALAK
Ekainak 22, larunbata
  • BAND OF HORSES
  • SHERYL CROW
  • MAVIS STAPLES
  • WARREN HAYNES BAND
  • ST. PAUL & THE BROKEN BONES
  • ALL THEM WITCHES
  • PSYCHEDELIC PORN CRUMPETS
  • THE DETROIT COBRAS
  • LENDAKARIS MUERTOS
  • THE PLEASURE FUCKERS
  • PIL.T.
  • MOONSHINE WAGON
  • ENTROPIA

PREZIOAK

  • Hiru eguneko bonua: 160 euro, otsailaren 14ra arte; ondoren, 175 euro.
  • Sarrera solteak, otsailaren 14tik aurrera:
    • Osteguna: 50 euro
    • Ostirala: 75 euro
    • Larunbata: 75 euro
  • Gazte Bonua: 100 euro (15 eta 23 urte bitartekoentzat)
  • 14 urtetik beherakoak: dohainik

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago