ARF 2024

Jane's Addiction, Azkena Rock jaialdirako kartelburu berria

Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 17:30
Jane's Addiction, Kaliforniako (AEB) rock alternatiboko taldea. Argazkia: ARF

Azkena Rock Festival jaialdiaren 2024ko ediziora batu dira Jane's Addiction, Tarque & La Asociación del Riff, Psychledelic Porn Crumpets eta The Black Halos taldeak.

2024ko ekainaren 20tik 22ra ospatuko da Azkena Rock Festival jaialdiaren hurrengo edizioa, Mendizabalean. Azaroaren hasieran, hamazazpi talde iragarri zituzten lehenengo baieztapen olatuan, tartean Queens Of The Stone Age, Sheryl Crow eta Arde Bogotá. Urtero bezala, hortik aurrera, Gasteizko rock jaialdi nagusia talde gehiago iragartzen joango da, tantaka.

Astelehen honetan beste lau talde baieztatu dituzte, horien artean hirugarren kartelburua: Jane's Addiction, Tarque & La Asociación del Riff, Psychledelic Porn Crumpets eta The Black Halos.

Horrez gain, Last Tourrek jakinarazi du abonamenduak 135 euroko promozio prezioan izango direla abenduaren 12ko 10:00ak arte. Gainera, beste urte batez, 14 urtetik beherako adingabeen sarrera doakoa izango da; 15 eta 23 urte bitartekoek, berriz, 100 euroko prezioan eskuratu dezakete Gazte Bonua.

Jane's Addiction

Lehenbizikoz Mendizabalera iritsiko da oraingoan Jane’s Addiction Kaliforniako (AEB) rock alternatiboko taldea. Banda ikoniko, berritzaile eta itzal handikoa jatorrizko talde osoarekin arituko da. Perry Farrell kantariak, Dave Navarro gitarristak, Stephen Perkins bateriak eta Eric Avery baxu-jotzaileak 1985ean sortu zuten taldea, komunikabideen arreta irabazi eta AEBetan arrakasta komertziala lortu zuen rock alternatiboko lehen taldeetako bat bilakatuz.

Ez dira beti elkarrekin egon, eta historian zehar formazioa aldatuz joan dira. Hala ere, musikari berriek proiektuaren funtsari eusten jakin izan dute, kultuzko banda bilakatuz. Berriki jakinarazi dute album berri batean lanean ari direla, Ritual de lo Habitual mitikotik jatorrizko taldearekin argitaratutako lehena izango litzatekeena. 

Tarque & La Asociación del Riff

Carlos Tarque Espainiako Estatuko rock & roll frontman karismatikoenetako bat da. 2013an M Clan taldearekin aritu ostean, berriz ere Azkenara itzuliko da oraingoan, Tarque & La Asociación del Riff taldearekin. Taldeak duela hilabete argitaratu zuen Volumen 2 diskoa, 70. hamarkadako rock klasikoaren eta blues apur baten ikutua duen albuma.

Psychedelic Porn Crumpets

Australiako rock psikodelikoko eszena indartsuaren talde adierazgarrienetako bat da Psychedelic Porn Crumpets taldea, King Gizzard & The Lizard Wizard eta Tame Impalarekin batera. Material freskoarekin iritsiko dira oraingoan, duela hamar egun argitaratu baitzuten Fronzoli, beraien seigarren albuma, kritika bikainak jasotzen ari dena.

The Black Halos

Kanadatik iritsita, The Black Halos taldeak zuzenean interpretatu du The Violent Years, 2001ean punk eszena astindu zuen albuma. 30 urteko ibilbidearekin, besteak beste New York Dolls eta The Stooges-en eragina izan dute, eta 2022an Michael Monroerekin elkarlanean aritu ziren.

PROGRAMAZIOA

Honako hauek dira 2024ko Azkena Rock Festival jaialdirako orain arte iragarritako 21 taldeak —ordutegiak aurrerago zehaztuko dituzte—:

  • QUEENS OF THE STONE AGE
  • SHERYL CROW
  • JANE’S ADDICTION
  • ALL THEM WITCHES
  • ARDE BOGOTÁ
  • GLEN HANSARD
  • THE PLEASURE FUCKERS
  • PSYCHEDELIC PORN CRUMPETS
  • TY SEGALL
  • ST. PAUL & THE BROKEN BONES
  • TARQUE & LA ASOCIACIÓN DEL RIFF
  • Π L.T.
  • THE BLACK HALOS
  • BRIGADE LOCO
  • DEA MATRONA
  • THE DETROIT COBRAS
  • EZPALAK
  • LENDAKARIS MUERTOS
  • MOONSHINE WAGON
  • THE RAIN PARADE
  • TXOPET

PREZIOAK

  • Hiru Eguneko Bonua: 135 euro (abenduaren 12ra arte)
  • Gazte Bonua: 100 euro (15 eta 23 urte bitartekoentzat)
  • 14 urtetik beherakoak: dohainik

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide