Uztailaren 15etik 20ra bitartean izango da Gasteizko Jazz Jaialdiaren 47. edizioa. Otsailean lehenengo bi izenak —Chucho Valdes eta Pablo Martin Camineroren NDR Bigband— eta martxoaren hasieran beste bi —Cecile McLorin eta Terri Lyne Carrington— baieztatu ondoren, aste honetan beste sei izenez osatutako lau kontzertu iragarri ditu Jazzaldi arabarrak.
Uztailaren 19an, ostiralean, Michel Camilok eta Tomatitok Spain forever again lan berria aurkeztuko dute Mendizorrotzeko oholtza gainean, Spain (2000), Spain again (2006) eta Spain forever (2016) lanen ostean. Egungo jazz eszenaren proposamen interesgarrienetako bat da bikotea, eta proiektu berri batekin dator oraingoan, jazza eta flamenkoa modu naturalean uztartzen dituen harreman musikala sendotzeko. Pianista dominikarrak eta gitarrista andaluziarrak duela hiru hamarkada egin zuten bat lehen aldiz agertoki batean. Orduz geroztik, maiz kolaboratu dute.
Egun berean, beste konexio paregabe eta berritzaile batez gozatzeko aukera eskainiko dute Sumrrá hirukote galiziarrak eta Niño de Elche abeslari valentziarrak. Egungo abangoardia musikalaren adierazle dira biak, eta aurrekaririk gabeko proiektu batekin iritsiko dira Gasteizera.
Yilian Cañizares eta Joel Ross
Horrez gain, Yilian Cañizares biolinista kubatarra eta Joel Ross bibrafonista estatubatuarra gehitu dira Jazz Jaialdiaren programaziora.
Cañizares bere energiagatik, nortasunagatik eta konpositore gisa duen originaltasunagatik nabarmentzen da, ahots zoragarria, jazza, musika klasikoa eta erritmo afrokubatarrak uztartuz. Bere ibilbidean zehar, agertokia partekatu du Chucho Valdes, Ibrahim Maalouf, Omar Sosa, Youn Sun Nah, Richard Bona eta Roberto Fonseca bezalako artista garrantzitsuekin; eta, hain zuzen ere, bere maisuaren kontzertuaren egun berean izango da Mendizorrotzean, larunbatean, hilaren 20an, Kubako musika nagusituko den gaualdian.
Bestalde, uztailaren 18ko gauean, ostegunean, Ross izango da oholtzan, Cecile McLorin Salvanten aurretik. Musikari eta hezitzaile estatubatuarrak Blue Noten laugarren diskoa kaleratu berri du, nu-blues, balada eta blues bilduma bat, jazz moderno garaikideko proposamen sortzaileenetako bat.
Sarrerak, astelehenean
Mendizorrotzako kartela osatuta jada, Gasteizko Jazz Jaialdiak martxoaren 18an, astelehenean, 10:00etatik aurrera jarriko ditu salgai sarrerak eta abonamenduak, www.jazzvitoria.com webgunean. Sarreren prezioa 30 eta 40 euro bitartekoa izango da, eta gazteenek beherapen bereziak izango dituzte. Abonuak, berriz, 105 euroko prezio arrunta izango dute; 150 eurokoa eserleku zenbakidunen kasuan.
Azkenik, datozen egunetan, Principal Antzokiko zikloaren kartela iragarriko dute.