Gasteizko Jazzaldia

Lehenengo abonuak aterako ditu Jazzaldiak

Erredakzioa 2024ko urt. 11a, 18:22

David Gotxikoak sortutako irudia aukeratu dute aurtengo Jazzaldirako. Argazkia: Gasteizko Jazzaldia

David Gotxikoa diseinatzaile arabarraren kartela aukeratu dute aurtengo jaialdirako.

Irudi berria du uztailaren 15etik 20ra ospatuko den Gasteizko Jazzaldiak; David Gotxikoa arabar diseinatzailearen obra aukeratu dute 47. ediziorako. Bere bi pasio batu ditu honetan: diseinu grafikoa -ia bi hamarkadako ibilbide profesionala du- eta jazza, Jazzaldian ohikoa baita.

Gotxikoak, Bilbon kokatuta dagoen Azul Prusia estudioaren arduradunak, disko baten karatula gogorarazten duen kartel bat aurkeztu du, tipografia elementu protagonista duena. Jazz hitz laranjak erritmikoki dantzatzen dute atzealde urdin baten gainean. "Funtzionaltasuna eta inpaktua beste ezeren gainetik, joko tipografiko sinple baten bidez jazzarekin lotzen dugun erritmo jostagarria iradoki nahi izan dut". Gotxikoak ere bere omenaldi berezia egiten dio Reid Milesi, Blue Note zigilurako disko-azal ahaztezinak sortu zituen diseinatzaileari. "Kasu honetan eragin kontzientea izan ez bada ere, horretan ari den edonor zorretan dago Reid Milesekin".

Kartelaren egilea harro agertu da proiektu honi bere "aletxoa" jartzeagatik. "Duela hogeita hamar urte baino gehiagotik gozatu dut jaialdi honetaz: lehenik musika ezezagun baten esploratzaile gisa, gero kritikari espezializatu gisa, eta orain beste zale bat bezala".

Abonamendu itsuak

Blue Monday-arekin batera,  hilaren 15ean, Jazzaldiak hainbat abonu mugatu jarriko ditu salgai, 90 euroko prezio berezian, oraindik musikaririk aurkeztu ez badute ere. Jaialdiak iaz jarri zuen martxan ekimen hau, eta harrera arrakastatsua izan ondoren, datorren ediziora eramango du berriro. Horrela, alde batetik, entzule leialen konfiantza saritu nahi dute, prezio merkeko abonua lortu ahal izango baitute, eta, aldi berean, publiko berriei jazzik onenaz gozatzeko deia egingo zaie.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Jazzaldia gaur egungo jazzaren izen berriak aurkezteko filosofian oinarritutako programa bat lantzen ari da, dagoeneko finkatuta dauden artisten presentziarekin batera, baina betiere talentua eta sormena lehenetsiz. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago