Cecile McLorin batu da Gasteizko Jazzaldira

Erredakzioa 2024ko mar. 7a, 17:07

Mendizorrotza eta Principaleko agertokietan izan da aurretik Cecile Mclorin. Argazkia: Cecile Mclorin

Terri Lyne Carringtonek ere parte hartuko du 47. jaialdian.

Cecile McLorin Gasteizko Jazzaldiko lagun ezaguna berriz ere batuko da jaialdira aurten. Terri Lynekin batera, azkeneko sorpresen artean, osatzen doa 47.edizioaren egitaraua, eta hurrengo egunetan ezagutaraziko dute osorik.

Hamar urte igaro dira Sarah Vaughanen miresle gazte batek Principal Antzokia bete zuela, urtebete lehenago Jacky Terrasonen taldeko kide gisa Gasteizko publikoa liluratu ondoren. Harrez geroztik, Cecile McLorin Salvant Jazzaldiko zaletuek gehien miresten duten ahotsetako bat bilakatu da, eta ostegunean, uztailaren 18an, berriro entzuteko aukera izango da Mendizorrotzako kiroldegian. McLorin Salvant Sullivan Fortner pianistarekin dator, 2019ko ahots-jazzeko disko onenaren Grammy saria jaso duen bikotearekin. Abeslariak azken diskoa aurkeztuko du: Mélusine.

Egun bat lehenago, uztailaren 17an, Terri Lyne Carrington bateria-jotzaile, konpositore, ekoizle eta abeslaria Gasteizen izango da. Musikan eskarmentu handia du -Herbie Hancocken bandako kide izan zen azken urteetan-, eta Berklee College of Musiceko irakaslea da. Gainera, jazzean genero berdintasunaren aldeko aktibista bikaina da; New Standards Vol.1 albuma musikan ere patriarkatuarekin amaitzeko asmoen adierazpena da, emakumeek osatutako estandar berriak proposatzen baititu. Mary Lou Williams bezalako irudi ikonikoen konposizioekin eta Esperanza Spalding bezalako berritzaile modernoekin, proiektuak jazzaren kanona birmoldatzen du, inklusioaren alde eginez.

Datozen egunetan, Jazzaldiak bere programazioa osatuko du eta sarreren eta abonuen salmenta data zehatza iragarriko du, martxoaren hirugarren asterako aurreikusita.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago