Chucho Valdes izango da Gasteizko Jazzaldian

Erredakzioa 2024ko ots. 23a, 13:00

Chucho Valdes pianista kubatarra. Argazkia: chucho-valdes.com

Gasteizko Jazz Jaialdiaren azken egunean izango da piano-jole kubatarra buru duen Irakere latin jazz talde mitikoaren kontzertua. Pablo Martin Caminero arabarra ere NDR Bigband taldearekin izango da Mendizorrotzean.

Uztailaren 15etik 20ra bitartean izango da Gasteizko Jazz Jaialdiaren 47. edizioa, eta aste honetan lehen hiru izenak baieztatu dituzte, jazz zaleei mundu mailako proiekzio handiko interpreteak eta talentu gazte zein kalitate frogatuko formazio berriak eskaintzeko asmoz: Chucho Valdes (Irakere) eta Pablo Martin Caminero (NDR Bigband). 

Chucho Valdes eta Irakere taldea larunbatean, uztailaren 20an, izango dira Mendizorrotzeko agertoki nagusian. 50 urte igaro dira Valdesek musika afrokubatarra irauli zuen taldea sortu zuenetik, jazza, rocka, musika klasikoa eta Kubako erritmo herrikoiak uztartuz. Orquesta Cubana de Música Moderna delakotik sortutako formazioa 2005era arte egon zen aktibo, eta ondoren bakarlari bezala ibilbide oparoa egin duten lau musikari belaunaldi pasa dira taldetik.

Orain, 82 urterekin, horietako batzuk bildu ditu Valdesek, omenaldi gisa planteatutako kontzerturako: Jose A. Gola (baxu elektrikoa eta akustikoa), Horacio Hernandez (bateria) eta Roberto Jr. Vizcaino Torre (perkusioa), Eddie de Armas Jr. (tronpeta), Osvaldo Fleites (tronpeta), Luis Beltran (saxofoia), Carlos Averhoff Jr. (saxofoia) eta Ramon Alvarez (abeslaria). Chucho Valdes piano jotzaile, konpositore eta arreglista kubatarrak zazpi Grammy eta sei Grammy Latino eskuratu ditu.

Pablo Martin Caminero kontrabaxulari arabarra. Argazkia: jazzvitoria.com

 

Mendizorrotzeko lehen kontzertua

Bestalde, Pablo Martin Caminero gasteiztarrak inauguratu du Mendizorrotzeko agertokia, Gasteizko Jazzaldiaren hirugarren egunean. Kontrabaxularia bere jaioterrira itzuliko da NDR Bigband proiektu esklusiboa aurkeztera. Hanburgoko irrati publikoaren jazz talde bat da, hamazazpi kidez osatua; horiei bakarlari gonbidatuak gehitzen zaizkie: kasu honetan, Pablo Martin Camineroren hirukotea, Moises Sanchez eta Borja Barruetarekin batera.

Alemaniako taldeak kontrabaxu jotzaile arabarraren konposizioei moldaketak egin eta big band formatura egokitzeko egindako proposamen baten ondorioz sortu zen lankidetza. Hanburgon izandako esperientzia arrakastatsuaren ondoren, Caminerok Gasteizko Jazz Jaialdirako berreskuratuko du ikuskizuna, Geir Lysneren zuzendaritza eta moldaketekin.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago