Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioa eratu dute

Erredakzioa 2024ko ots. 16a, 10:00

Ostegun honetan fundazioa eratu dute erakundeek. Argazkia: IREKIA

Zaramagako San Frantzisko elizako memoria zentroa kudeatuko duen erakundea sortu dute Jaurlaritzak, Aldundiak, Udalak eta Elizbarrutiak. Martxoak 3 Elkarteak eta Gogora Institutuak ere lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa eratzeko eskriturak sinatu dituzte. Sinadura ekitaldian izan dira lau erakunde patronatukideen ordezkariak: Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Maider Etxebarria alkatea, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Juan Carlos Elizalde gotzaina.

Ezinbesteko urrats hori eginda, laster errealitate bat izango da 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimek urte luzeetan zehar aldarrikatutako oroimenerako zentroa; momentuz, Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dute. "Martxoaren 3ko biktimen, langileen borrokaren eta borroka demokratikoaren memoria berreskuratu, duindu eta transmititzea" izango du helburu fundazioak.

Gainera, Asisko San Frantziskoren elizan Martxoak 3 Memoriagunea sortu, zuzendu eta kudeatuko du fundazioak. Horretarako, lau erakunde sortzaileek 40.000 euroko hasierako kapitala jarri dute.

Gizarte ekimenaren ordezkari gisa, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak ere fundazioaren patronatuko kide dira, eta biktimen elkarteko kide Nerea Martinez Aranburuzabala fundazioko presidenteordea izango da.

"Egun historikoa"

"Egun historikoa da gaurkoa, Memoriagunea errealitate bihurtzeko oinarri irmo eta sendoa jarri dugulako", ospatu du Melgosak. "Orain proiektu partekatua izan behar du. Ezin du eta ez du izan behar inoren proiektu partikularra. Guztion proiektua izan daiteke eta horrela izan behar du".

"Hildako bost langileen bizitzak gogoratzen jarraituko dugu", gaineratu du Elizaldek. "Baita Elizak urte horietan izandako papera oroitzen, Franco hil eta hilabete gutxiren buruan eta Trantsizioa hasi baino lehen. Orduan langilegoaren eskubideen defentsan lagun izan ginen, eta elkarrekin historia idatzi genuen".

"Urrats erabakigarria da gaur egun errealitate bihurtzetik gertuago dagoen proiektua desblokeatzeko", azpimarratu du Etxebarriak. Gogorarazi duenez, espazioak Espainiako Gobernuaren babesa izango du, besteak beste, proiektuari 600.000 euro emateko konpromisoaren bitartez.

Gogora eta biktimen arteko hitzarmena

Bestalde, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute ere. Akordioa 35.000 euroko diru-laguntzaren bidez gauzatuko da, Martxoak 3 Memoriagunea sortzeko beharrezkoak diren ikerketa, inbentario, dokumentazio eta zabalkunde lanak egiteko. Horretarako, lankidetza esparru bat sortuko dute bi erakundeek dituzten baliabide historikoak, materialak, dokumentalak eta erakusketakoak babestu eta memoria zentroari emateko.

Hitzarmena sinatzeko mahaian izan dira Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Jose Luis Martinez Ocio eta Nerea Martinez Martxoak 3 Elkarteko kideak, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.

Gogora eta Martxoak 3 Elkartearen lankidetza hitzarmenaren sinadura. Argazkia: IREKIA

 

Nork osatuko du patronatua?

Estatutuen arabera, Fundazioaren Patronatua hamasei kidek osatuko dute; berezko lau patronatukideez gain, beste hamabi kide izango dira fundazioaren zuzendaritzan:

Berezko patronoak
  • Nerea Melgosa: Fundazioaren presidentea, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria.
  • Maider Etxebarria: Gasteizko alkatea.
  • Ramiro Gonzalez: Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusia.
  • Juan Carlos Elizalde: Gasteizko gotzaina.
Jaurlaritzaren batzordekideak
  • Jose Antonio Rodriguez Ranz: Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordea.
  • Aintzane Ezenarro: Gogora Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Gasteizko Udaleko batzordekideak
  • Beatriz Artolazabal: alkateordea.
  • Pascual Borja: Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzurako zinegotzia.
Arabako Foru Aldundiaren batzordekideak
  • Cristina Gonzalez: lehenengo diputatu nagusiordea, eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren diputatua.
  • Jone Berriozabal: Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza diputatua.
Gasteizko Gotzaindegiaren batzordekideak
  • Santiago De Pablo
  • Virginia Lopez de Maturana
Memoria Gara Elkartearen batzordekideak
  • Juan Ibarrondo
  • Jose María Flores
Martxoak 3 Elkartearen batzordekideak
  • Jose Arturo Val
  • Nerea Martinez Aranburuzabala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago