Datorren igandean, martxoaren 3an, 48 urte beteko dira Espainiako Polizia Armatuak, greba orokor baten testuinguruan, bost langile hil zituela Gasteizen, Zaramagako San Frantzisko elizaren barruan. Egun horretan, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral gasteiztarrak hil zituen poliziak; eta hurrengo egunetan, Basauri eta Tarragonako elkartasun mobilizazioetan, Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferrero hil zituzten poliziaren tiroek.
Aurten ere mobilizaziorako deia egin dute ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek, eta, urtero bezala, eguneko manifestazio nagusia antolatuko dute, poliziak hildako langileen borroka omentzeko eta "ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurkako memoria bizia" aldarrikatzeko. Mobilizazioa igandeko 12:30ean abiatuko da, Zaramagako Martxoak 3 plazatik hiriburuaren erdialderaino; aurretik, ohikoa denez, ekitaldia eta lore eskaintza egingo dute monolitoaren parean, 12:00etan.
"Trantsizio ekosoziala"
Lau sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Martxoak 3 Elkartearekin batera, aurtengo mobilizazioaren eta aldarrikapenen berri emateko. Bertan, besteak beste, txalotu egin dute erakundeek "memoriarekin bat egin eta behingoz Memoria Gune bat sortzeko" egindako prozesua, "sarraskiaren biktimentzako justizia, egia eta errekonozimendua lortzen lagundu" behar duela azpimarratuz.
Atzo eta gaur borrokan, etorkizun justu baterantz izango da aurtengo leloa. "Borroka aldarrikatzen dugu, ordukoa eta oraingoa, eta etorkizun justu bat pertsona guztientzat", adierazi dute. "1976an, milaka pertsonak parte hartu zuten borroka batean, etorkizun justua ziurtatuko zien orainaldi duin bat aldarrikatuz. Soldatetan eta lan baldintzetan hobekuntzak eskatzen zituzten, beren bizitza duinak eraikitzeko".
"Bizitzak erdigunean kokatu zituzten ere, enpleguaren esparruan, baina baita beste eremu batzuetan ere, hala nola zaintzan, emakumeen funtsezko konpromisoarekin. Borroka hura gogor zapaldu eta estali zuen iruzurrezko Trantsizioak, egia, justizia eta biktimentzako erreparazioa ukatuz eta langileriaren esplotazioa bermatzen zuen sistema politiko, sozial eta ekonomiko bati eutsiz", salatu dute.
Gaur egungo "garai nahasiak" kritikatu dituzte, "xenofobiaren gorakada, ultraeskuinaren hazkundea, gerren areagotzea, herri palestinarraren genozidioa edo kapitalismoaren garapena" direla eta. "Etorkizun justu batera eramango gaituen premiazko trantsizio ekosoziala" aldarrikatu dute sindikatuek, "bizitzaren garestitzeari, pobretze prozesuari eta zaintza sistemaren krisiari" aurre egiteko.
Horrekin batera, zaintza lanak "erdigunean" jartzea eta zaintza sistema publiko "komunitarioa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea" exijitu dute, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren ildotik.
1️⃣9️⃣7️⃣6️⃣✊🏿🌹✌🏿2️⃣0️⃣2️⃣4️⃣#MARTXOAK3 #M3MORIA pic.twitter.com/eMQwPd8XAB
— Martxoak 3 #M3MORIA (@Martxoak3) February 26, 2024
DEIALDIAK
Martxoaren 3ko sarraskiaren 48. urteurrenean, askotariko deialdiak eta ekitaldiak antolatuko dituzte sindikatuek, alderdiek eta bestelako erakunde sozial eta politikoek:
- Martxoak 3 Elkartea
- Martxoan zehar: Martxoaren 3ko kartelen erakusketa, Zaramagako Bizan zentroan. Aurkezpena martxoaren 1ean, ostiralean, 17:00etan.
- Otsailak 27, asteartea, 18:30: hitzaldia Iortia Kultur Etxean (Altsasu). Ernaik eta Sortuk antolatuta.
- Otsailak 27, asteartea, 18:30: Gasteizko sarraskia eta herri M3moria hitzaldia Landatxon. Ernaik eta Sortuk antolatuta.
- Martxoan zehar: Martxoaren 3ko kartelen erakusketa, Zaramagako Bizan zentroan. Aurkezpena martxoaren 1ean, ostiralean, 17:00etan.
- LAB sindikatua
- Martxoak 1, ostirala: 10:00etan ekitaldia, Aldabe gizarte etxean; eta 12:00etan mobilizazioa.
- Martxoak 1, ostirala: 10:00etan ekitaldia, Aldabe gizarte etxean; eta 12:00etan mobilizazioa.
- EH Bildu
- Martxoak 3, igandea: 11:00etan ekitaldi politikoa Pello Otxandianorekin, Martxoak 3 plazan; eta 11:45ean lore eskaintza, monolitoan. Erabaki etorkizuna lelopean.
- Martxoak 3, igandea: 11:00etan ekitaldi politikoa Pello Otxandianorekin, Martxoak 3 plazan; eta 11:45ean lore eskaintza, monolitoan. Erabaki etorkizuna lelopean.
- EAJ
- Martxoak 3, igandea: 11:30ean lore eskaintza 1976ko martxoaren 3ko biktimen omenez, Martxoak 3 plazan. Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidenteak adierazpenak eskainiko ditu.
- Gazte Blokea
- Martxoak 3, igandea: 11:30ean gazte blokea, Hala Bedi tabernatik, Gazteok batuz, justizia borrokatu lelopean.
- Martxoak 3, igandea: 11:30ean gazte blokea, Hala Bedi tabernatik, Gazteok batuz, justizia borrokatu lelopean.
- Mugimendu Sozialista
- Martxoak 2, larunbata: 11:30ean solasaldia Imanol Satrustegirekin (itzulpena egongo da), Aldabe gizarte etxean; eta 13:00etan omenaldia, Martxoak 3 plazan.
- Martxoak 3, igandea: 11:30ean bloke sozialista Santa Maria plazatik, Atzoko eta gaurko borrokaz, langile boterea eraiki lelopean.
- Martxoak 2, larunbata: 11:30ean solasaldia Imanol Satrustegirekin (itzulpena egongo da), Aldabe gizarte etxean; eta 13:00etan omenaldia, Martxoak 3 plazan.
Deialdien zerrenda osatzen ari gara. Bestelako hitzorduen berri eman nahi badiguzu, bidali mezu bat erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez 645 66 86 02 telefono zenbakira. Horrez gain, honako formulario hau bete dezakezu ere.