Amaitu da Tuvisako greba, aldarrikapenen zati bat lortuta

Erredakzioa 2024ko ots. 19a, 08:00
Tuvisako langileen manifestazioa, larunbatean. Argazkia: HALA BEDI

Tuvisako langileen gehiengoak uko egin dio zuzendaritzaren azken proposamenari, baina greba mugagabearekin jarraitzeko babes nahikorik gabe. Beraz, lanuzteekin amaitu, akordioa onartu eta lanera itzultzea erabaki dute.

Otsailaren 10ean abiatutako greba mugagabearekin amaitzea erabaki dute Tuvisako langileek igande honetan, zuzendaritzarekin akordioa lortuta. Beraz, astelehenean lanera itzuli dira, eta hiriko autobusen garraio publikoa normaltasunez arituko da gaurtik aurrera.

Udal enpresaren zuzendaritzak langileen aldarrikapen gehienei erantzun die, baina ez guztiei. Tuvisako 300 langile baino gehiago deituta zeuden igande honetako batzarrera, azken proposamena onartzen zuten ala ez erabakitzeko. Bozketan emandako 261 botoetatik, aldeko 113 boto (%41,6) eta kontrako 142 boto (%52) zenbatu dira, bai eta bost boto zuri eta boto baliogabe bat ere.

Nolanahi ere, enpresa batzordearen barne funtzionamenduaren arabera, botoen %70era iristea beharrezkoa da greba mugagabearekin jarraitzeko. Ondorioz, lanuzteak bertan behera uztea eta akordioa onartzea erabaki du plantillak.

Langileen aldarrikapen nagusiak, besteak beste, lanpostuak bermatzea eta gehiago sortzea, pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko izatea, linea batzuen berrantolaketa, eta langileen osasuna eta lanaldia errespetatzeko neurriak ziren; tartean, fitxatzeko sistema ezartzea.

Enpresa batzordearen arabera, azken proposamenak aurrerapauso "esanguratsuak" jaso ditu —besteak beste, hamabi kontratu mugagabe egiteko eta hamabost autobus berri erosteko konpromisoa—, baina ez dute lortu fitxaketaren gaia "%100ean ixtea". Langileen ordezkarien ustez, "buelta gehiago eman beharko zaizkio" oraindik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide