Aurrera doa Tuvisako langileen greba mugagabea. Inauterietako larunbatean hasitako lanuzteek erabateko jarraipena izan dute egunero: plantilla osoak bat egin du grebarekin; gutxieneko zerbitzuak direla eta, soilik autobusen %30 dago martxan, eta soilik zerbitzu hori bermatzeko langileak daude lanean. Ondorioz, grebaren eragina agerikoa izaten ari da hiriko garraio publikoan eta herritarren egunerokotasunean.
Gainera, udal enpresak kudeatutako aparkalekuak doakoak izango dira grebak dirauen bitartean. Besteak beste Santa Barbara plazako, Iradier Arenako eta Artium Museoko aparkalekuetan, hesiak igota eta makinak zerbitzutik kanpo daude.
Ostegun honetan, seigarren greba egunean, Tuvisako zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko bilerak markatu du agenda. Goizean, 09:00etatik aurrera, langileek Gasteizko udaletxearen atzean, Arkupeetan, egin dute protesta; arratsaldean, egunero bezala, 17:00etan abiatu da manifestazioa, Lovaina plazatik erdialderaino.
GURTUBAI, esto es lo que hay!!!
— TUVISA BORROKAN (@tuvisaborrokan) February 15, 2024
Una plantilla unida! GORA LANGILEON BORROKA!#tuvisaborrokan pic.twitter.com/T2suA92Q7C
Negoziazio bilera hiru ordu baino gehiago luzatu da, baina "aurrerapauso nabarmenak" izan diren arren, akordiorik gabe amaitu da. Hainbat iturriren arabera, bi aldeek dokumentuak eta proposamenak elkarbanatuko dituzte datozen orduetan, gatazka desblokeatzeko eta grebarekin amaitzeko neurriak adosteko asmoz.
Larunbatean, manifestazioa
Otsailaren 17an, larunbatean, grebak astebete eramango du martxan, eta akordiorik ez badago, egunotako mobilizaziorik handiena iragarri dute Tuvisako langileek. 12:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, eta enpresa batzordeak herritarrak gonbidatu ditu langileen aldarrikapenekin elkartasuna adieraztera.
Besteak beste, pentsiodunen mugimenduak ere manifestazioan parte hartzeko deia egin die "pentsiodun eta gasteiztar guztiei", eta babesa adierazi dio Tuvisako plantillari. "Norbait Gasteizko garraio publikoan arazoak sortzen ari bada, ez da Tuvisako plantilla, baizik eta haren kudeaketaren arduraduna, Gurtubai jauna", kritikatu dute ohar batean.
Plantillaren aldarrikapen nagusiak, besteak beste, lanpostuak bermatzea eta gehiago sortzea, pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko izatea, eta langileen osasuna eta lanaldia errespetatzeko neurriak dira; tartean, fitxatzeko sistema ezartzea. "Eskatzen duguna ez da beharrezkoa, premiazkoa baizik", adierazi zuen Asier Lopez de Sabando enpresa batzordeko eledunak urtarrilaren amaieran, ALEArekin izandako elkarrizketan.
GUTXIENEKO ZERBITZUAK