Azken orduko ezustekorik ez, eta, zenbait egun aurretik iragarri bezala, EH Bildurekin adostuta onartu du astearte honetan Gasteizko udal gobernuak 2024ko aurrekontua.
Inoizko aurrekonturik handiena izango da aurtengoa: 458,9 milioi euro, iaz baino 24,3 milioi gehiago, hain zuzen. Udalak ohar batean azaldu duenez, inbertsioen alorra inoiz baino handiagoa izango da ere, guztira 60,4 milioi eurokoa izango baita.
ORAIN ARGITARATZE FASEA DATOR, ETA AURREKONTUARI ALEGAZIOAK EGITEKO EPEA IREKIKO DA
Udal gobernuan dauden bi alderdiek 27 zinegotzietatik hamabi baino ez dituztenez —seina—, legegintzaldi honetan ere oposizioko talde baten laguntza behar izan dute 2024rako kontu publikoak aurrera atera ahal izateko. EH Bilduren zazpi zinegotzien abstentzioari esker lortu dute hori.
Abstentzioaren truke, Rocio Viterok gidatutako taldeak proposatu dituen sei milioi euroko emendakinak onartu dituzte PSE-EEk eta EAJk. Horrez gain, datozen urteetan beste sei milioi euro adostu dituzte, konpromiso-kreditu gisa. Etxebizitza komunitarioetan, 21 Zabalgunearen etxebizitza parkean, merkataritza lokalean eta energia komunitateetan gauzatuko dira horiek.
Arlo sozialean
Aurtengo konpromisoei dagokienez, besteak beste, etxebizitza komunitarioak eraikitzeko bi milioi euro aurreikusi ditu akordioak, eta 21 Zabalgunearen etxebizitza parkea birgaitzeko, berriz, 850.000 euro. Hirugarren partida handiena energia trantsizioaren alorrekoa da, eremu degradatuetan energia komunitateak sortzeko 600.000 euro bideratuz. Auzoetako adinekoen jangela sarea handitzeko milioi erdia egongo da. Emakumeentzako arreta baliabide berriak, enplegua, euskara eta ingurumenaren alorrekoak dira gainerako partidetako batzuk.
Hasierako onarpen honen bitartez, orain argitaratze fasea dator, alegazioak aurkezteko epea irekita. Dena ondo bidean, martxoaren erdirako aurreikusi dute aurrekontu berria indarrean egotea.
Jon Armentia Ogasun zinegotziaren hitzetan, akordioak "egonkortasuna eta konfiantza" ekarriko ditu, eta nabarmendu du hiritarrei helarazten zaien mezua: "gure arteko aldeak gainditu eta guztion onurako hitzarmenak egiteko gaitasuna", zinegotziaren esanetan.
Iñaki Gurtubai jeltzaleak alderdi abertzalearen laguntza eskertu du, eta iradoki du beste zenbait akordio egon daitezkeela bidean. Ohi bezala, zuhurtziaz mintzo izan da zinegotzia: oraingo kontu hauek alderdi abertzalearekin adostuta ere, ez du alboratu etorkizunean PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bestelako akordioak hitzartzea.
"Gasteiztarron bizi baldintzak hobetuko dituen aurrekontu akordioa" lortu dutela aldarrikatu du Rocio Viterok. Haren esanetan, akordioak erakutsi du "EH Bildu dagoenean gauzak hobeto" egiten direla, eta "jendearen beharretan oinarritutako eredu batera jotzeko" aukera dagoela.
"Ezkutuko interesak"
Aurreikustekoa zenez, akordioa ez da izan oposizioan dauden beste bi alderdien gustuko. Orain arte EAJ eta PSE-EErekin aurrekontuak adostu dituen Ekarrekin Podemosen ustez, herritarren interesen gainetik "interes politikoak" lehenetsi dira oraingoan. Akordioaren atzean "ezkutuko interesak" daudela esan du udalbatzan bertan Garbiñe Ruiz zinegotziak, eta udal gobernuari egotzi dio "borondate politikorik" agertu ez izana bere alderdiarekin aurrekontuak adosteko. "Hiritarrak galtzaile" aterako direla ziurtatu du Ruizek.
Bide beretik, "bira erradikala" eman izana leporatu dio PPk udal gobernuari. "Etxebarria EH Bildurekin aurrekontuak adostu dituen lehen alkate modura igaroko da historiara", esan du Ainhoa Domaika popularrak.
Besteak beste, aurrekontuak Zabalganerako tranbia eta etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzak "murriztuko" dituela diote. Azken alor honetarako beraiekin iaz adostutako bi milioi euroko partidatik 450.000 euro kendu izana kritikatu dute popularrek.