Herrandarren kaleko obren bigarren faseari ekingo diote egunotan

Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 17:00
2023ko urrian hasi zituzten Herrandarren kaleko lanak. ALEA

Ekainera arte Herrandarren kalea zirkulaziorako itxita geratuko da Estenaga Apezpikuaren kaletik aurrera, eta Ballester Apezpikuaren kaletik desbideratuko dute. Lanen fase guztiak 2025eko udaberrian amaitzea espero du udalak.

Herrandarren kalea oinezkoentzako bulebar berde bihurtzeko erreformaren lanak 2023ko urriaren 16an hasi ziren. "Azken hamarkada hauetan hiriko espazio publikoan egindako esku-hartze garrantzitsuenetako bat" izaten ari dela azpimarratuz, lehen fasea amaitzear dela iragarri du astearte honetan Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotziak, udaletxean egindako batzordean.

Azken hilabeteetan, Estenaga Apezpikuaren eta Askatasun kalean izan dira lan gehienak, eta inguru horretan gertatu dira zirkulazio zein mugimendu murrizketa nagusiak. "Egun batzuk barru", berriz, obraren bigarren faseari ekingo dio Gasteizko Udalak; fase hau aurtengo ekainera arte luzatuko da, eta hurrengo egunetan egingo diren lanak prestatzen ari da Espazio Publikoaren Saila, Trafiko Zerbitzuarekin elkarlanean.

Fase berriari ekiteko zirkulazio mozketa eta aldaketa berriak izango dira, besteak beste:

  • Herrandarren kalea: zirkulaziorako itxita Estenaga Apezpikuaren kaletik aurrera. Ballester Apezpikuaren kaletik desbideratuko da; ordurako bi errei izango ditu iparraldeko noranzkoan.
  • Tuvisa: 3. eta 8. lineak Ballester Apezpikuaren kaletik desbideratuko dira, eta behin-behineko bi geltoki jarriko dira.
  • Biribilgunea: aldaketen ondorioz, Ballester Apezpikuaren, Valladolid eta Nafarroako Errege-erreginen kaleen arteko biribilgunean zirkulazioa handitzea espero da; hori dela eta, aurreko bidegurutze batzuetan seinaleztapena jarriko dute, puntu horretara iristea saihesteko alternatiba gisa beste ibilbide batzuk gomendatuz.
  • Sarbidea: Herrandarren kalean moztutako tartetik aurrera, Estenaga Apezpikuaren kaletik Karlos I.aren biribilguneraino, Iparralde gizarte etxearen inguruan dauden garajeetara, saltokietara eta zamalanetako eremuetara iristeko, baimenduta egongo da Karlos I.aren biribilgunetik igarotzea, eta, ondorioz, zirkulazioan noranzko aldaketa egin beharko da.

Obraren amaiera, 2025ean

Artolazabalek aurreratu duenez, lan guztiak datorren urteko udaberrian amaituko dira. Proiektuak hamazazpi hilabeteko gauzatze epea du, beraz, aurreikuspenak betetzen badira, data zehatza 2025eko martxoa izango lirateke. Erreformak 12 milioi euroko inbertsioa jaso du; eta, besteak beste, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Bioaniztasuna Fundazioaren laguntza jaso du, Europako Batasunaren Next Generation EU funtsekin finantzatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide