Herrandarren kalea oinezkoentzako bulebar berdeago bat bihurtuko da

Erredakzioa 2021ko eka. 24a, 13:40
Herrandarren kalea birnaturalizatzeko proiektua aurkeztu du Udalak. / GOOGLE EARTH

Gasteizko udal gobernua finantziazioa bilatzen ari da Europako funtsetan, Herrandarren kalea eraldatu eta bertan hiri-zidor handi bat, lorategiak, hiri-baratzeak eta jolasguneak izango dituen bulebar berri bat egiteko.

Ostegun honetan, Herrandarren kalea birnaturalizatzeko proiektua iragarri du Gorka Urtaran alkateak, udal politikari buruzko eztabaida orokorrean egindako hitzartzea baliatuz. Egitasmo horren helburua izango da hiriburuko kale garrantzitsu hori goitik behera eraldatzea eta hiri-azpiegitura berdeen irizpideei jarraiki zaharberritzea.

Espazio Publikoaren Sailak diseinua osatu du dagoeneko, eta orain udal gobernua obrei ekin ahal izateko finantziazioa Europako suspertze-funtsetatik lortzeko lanean ari da. Izan ere, laguntza horien artean badira ekosistemak eta horien baitako biodibertsitatea zaindu eta berreskuratzeari zuzendutakoak, baita hiriguneetan azpiegitura berdeak egitekoak ere. "Proiektua ia-ia amaituta dago, Estatuaren deialdia noiz aktibatuko zain", jakinarazi du alkateak.

Gaur egun asfaltozko bidea den Herrandarren kalea "bide berde eder bat bihurtzeko", hainbat aldaketa aurreikusi ditu Gasteizko Udalak: oinezkoek izango dute lehentasuna, eta hiri-zidor bat izango da, lorategi, hiri-baratze, jolasgune eta ur-txokoz hornitua. Lehen esku-hartzea handian, ibilgailuentzako galtzadak Ekialdean bilduko dira, trafikoa Jose Mardones kalera aldatuz. Horrela, kilometro erdiko bulebar berde bat irabaziko da Herrandarren kalean.

Kirol gunea

Esku hartze horrekin batera, zenbait azpiegitura egingo dira: bidegorri berriak noranzko bietan, baratze gune bat, aisialdi eta jolas gunea eta euri urez hornituko den urmaela. Gainera, Los Herran institutuaren ondoko kirol gunea berdetuko da.

Autobus geltoki zaharra

Bestalde, autobus geltoki ohiari erabilera berria emango zaio. Gaur egun bertan dauden haurrentzako jolastokiak kendu ondoren (Arana eta Estenaga Apezpikuaren kaleen arteko ingurura eramango dira), bi erabilera izango ditu espazioak: bizikletentzako aparkalekua eta salgaiak banatzeko gunea izango da.

Gorka Urtaranen hitzartzea, udal politikari buruzko eztabaida orokorrean. / GASTEIZKO UDALA

 

Super-hiri europarra

Herrandarren kaleko zaharberritze prozesua Urtaranen kabineteak planteatzen duen "super-hiri europarraren eredua" garatzeko proiektu garrantzitsuenetako bat da, baina ez bakarra. Izan ere, alkateak xede berbera duten hiru esku-hartze iragarri ditu gaurko hitzartzean:

  • Bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez, Udalak bizikletaz ibiltzeko sarea hobetu eta handitzeko plana ere erregistratuko du Europako funtsen deialdian. Plan horrek egungo bizikleta-erreien sarea (171 kilometro) zaindu, konpondu eta eguneratzea, Bizikletaren Gida Planaren araberako sare nagusia osatzea (24 kilometro berri), eta industrialdeetara joateko loturak finkatzea aurreikusten du.
  • 2030 klimaren aldetik neutroak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izateko hautagaitza aurkeztuko du Gasteizek.
  • Trantsizio energetikoko udal plana datorren astean aurkeztuko du udal gobernuak. Planaren zutabe nagusia Gasteizen 120 milioi watteko potentzia fotovoltaikoa instalatzea izango da. Potentzia horrek %20an gaindituko luke EAEn diseinatutako planta fotovoltaiko handiena, Ekienea.

Garraio publiko eta pribatua

Udalaren Agenda Gasteiztarraren estrategiaren beste ardatzetako bat garraioa da, eta alkateak bi helburu nabarmendu ditu garraio publikoaren alorrean:

  • Sistema digitalizatu, elektriko eta bidaiari kopuru handia hartzeko modukoak ezartzen jarraitzea, hartara, 2023an joan-etorrien erdia garraiobide elektrikoetan egin daitezen: esaterako, tranbia Salburua auzora eramatea eta BEA abian jartzea.
  • Tuvisaren flota eguneratzea. Ildo horretatik, Bus Elektriko Adimentsuak azken teknologiako hamahiru ibilgailu elektriko ekarriko ditu Gasteizera, Udalak 9 milioi euro inbertitu ondoren.

Horrez gain, beste bi neurri iragarri ditu ibilgailu pribatuei begira. Batetik, hiriaren Hegoaldean beste disuasio-aparkaleku bat eraikitzea, Gasteizko mendatetik behera, A-2124 errepidean barrena hirira sartzeko gunean. Bestetik, TAO zerbitzu berri bat, modernizatua eta digitalizatua, "erraza, azkarra eta erosoagoa", aurreikusitako TAO guneak handitzeko lanak aprobexatuz.

Proiektu estrategikoak

Azkenik, Gorka Urtaranek hiriaren etorkizunerako "funtsezko" hiru proiektu babestera animatu ditu Udaleko beste talde politikoak: VIAPen eraikuntza Forondako aireportuan, Abiadura Handiko Trena hartu eta lurperatzea, eta automozioaren alorrean fabrikazio aurreratuko zentroa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide