Herrandarren kalearen erreformari aurten ekingo zaio, 10 milioi euroko aurrekontuarekin

Erredakzioa 2022ko eka. 2a, 13:30
Ballester Apezpikuaren kalearen eta Santiago etorbidearen artean jardungo da. / ALEA

Gasteizko Udalak urrian aterako du lehiaketara Herrandarren kaleko erreformaren lehen fasea. Obrak hamar milioi euroko aurrekontua izango du, kale horretan bulebar berde bat sortzeko helburuarekin.

Gorka Urtaranen bi agintaldietako esku-hartzerik anbiziotsuenetako bat izango da Herrandarren eta Jose Mardones kaleetan zehar oinezkoentzako ardatza sortzea. Erreformaren lehen fasea —Ballester Apezpikuaren kalearen eta Santiago etorbidearen artean— egiteko lanak urrian lehiaketara aterako direla iragarri du gaur Gasteizko alkateak, Udal Politikari Buruzko Eztabaida Orokorrean.

Lehen esku hartze horrek 10 milioi euro inguruko aurrekontua izango du, kalearen estetika hobetu eta auzokideentzako erosotasuna areagotzeko, hiri eremu osasuntsuagoa sortzeko, Gasteizko azpiegitura berdea hobetzeko, mugikortasun jasangarriagoa eta osasuntsuagoa sustatzeko eta klima aldaketaren ondorioak murrizteko.

Mugikortasun eta Eremu Publikoko Saila proiektua zehazteko azken txanpan murgilduta dago jada, baina zenbait elementu aurreratu ditu alkateak:

  • Ardatz berdea oinezkoentzat, Herrandarren eta Jose Mardones kaleetan zehar, Santiago Hiribidetik Monseñor Estenagaraino.
  • Zirkulaziorako erreiak murriztu egingo dira, eta Jose Mardones kaleerantz bideratuko dira.
  • Izaera berdeko ibilbide handia izango da Herrandarren zatia, landaredia eta parke lineal moduko batekin.
  • Oinezkoentzako eremu handiak izango ditu bulebarrak, herritarrek erabili ahal izateko.
  • Jolaserako eremuak pergolekin, haurrak babesteko.
  • Urak garrantzia handia izango du: gainazaleko ura jasotzeko sistemak eta txorrotadun eremua.
  • Bizikletentzako zirkulazioa ere hobetuko da, zuhaitz gehiago landatuko dira, eta lore eta zuhaixken eremu ederrak egingo dira.

Eremu publikoaren eraberritzea

Urtaranek nabarmendu du legegintzaldian zehar eremu publikoa zein auzoetako udal instalazioak berritzeko egindako ahalegina: 17 milioi euroko gastua eginda, 86 obra exekutatu eta amaitu ditu Udalak; bitartean, gaur egun beste 19 obra daude martxan, 26 milioi euroko aurrekontuarekin.

Esku-hartze nabarmenenak Salburuko tranbiaren lanak, Tuvisako garaje berrien karga eremu funtzionala, Memoriaren Plaza eta Errege Atea, Santa Barbara plazako zamalanetako kaia, Salvador hilerria saneatzeko lanak, Haurren Auzoa Alde Zaharrean, Floridako Jaiotzaren haitzuloa, Zabalganeko Aldaia kirol pistak edo kaleak asfaltatu, argiztatu eta mantentzeko lanak dira.

Bestalde, etorkizunerako "funtsezkoak" diren proiektuen artean, AHTaren lurperatzea eta iritsiera eta Jundizeko plataforma logistiko intermodala aipatu ditu alkateak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide