Autobus geltokiaren alboan eraikiko dute EDA Drinks & Wine Campusa

Erredakzioa 2023ko abe. 20a, 18:03

Autobus geltokiaren eta Jaurlaritzaren parean egongo da campusa. Argazkia: ALPHABET

Bihar aurkeztuko dute 4.000 metro koadro hartuko dituen Gasteizko egoitzaren kokapena.

Basque Culinary Centerrek irekiko duen EDA Drinks & Wine Campusaren Gasteizko egoitza Lakuan kokatuta egongo da, autobus geltokiaren ondoan eta Jaurlaritzaren parean. 8.610 metro koadro dituen lursail batean eraikiko dute 4.000 metro koadro inguru hartuko dituen eraikina.

Bihar egingo dute Gasteizen kokapenaren aurkezpen ofiziala, eta espero izatekoa da bertan egongo direla Arantxa Tapia Ekonomia sailburua, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria. 

Kokapen hori aukeratzeko arrazoien artean nabarmenduko dute udalarena den lursaila dela, "beste lurralde batzuekin eta hiriko beste auzo batzuekin ongi konektatua" dagoela, eta "sarbide errazekoa" dela.

Aurreratuko dutenez, "laster" nazioarteko arkitektura lehiaketa baterako deia egingo dute, Gasteizko eta Guardiako egoitzen proiektuak egingo dituen arkitektura estudioa hautatzeko. 2026ko irailean jaso nahi dituzte lehen ikasleak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago