Baque Culinary Centerren (BCC) ardoaren campusak Guardian izango du Arabako Errioxako bigarren egoitza, Gasteizkoarekin batera. Ekimenaren sustatzaileek gaur iragarri dutenez, campusaren egoitza eraikitzeko aukeratutako lursaila Ardoaren Etxearen ondoan dagoen 3.900 metro koadroko lursail bat da, eta eraikinak 2.500 metro karratu izango ditu. BCCk garatu eta gidatutako proiektua da Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campusa, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute.
Egoitza 2026rako prest izatea espero dute. Horretarako, nazioarteko lehiaketa bat abiaraziko dute urtea amaitu baino lehen, Guardian eraikin berezi bat eraikitzeko prest dauden arkitektoen bila, "Arabako Errioxan higiezin sinbolikoak eraiki dituzten upategi ugarien ildotik", aurreratu dute. EDA ardoaren campusak bere lehenengo ikasleak 2026ko irailean jasoko dituela aurreikusi dute sustatzaileek, baina jarduera 2024an hasiko da, ikastaro espezializatuen, tailerren eta berariazko prestakuntzaren bidez.
Zubiak eraiki
Proiektuak gastronomiaren indarra garatzea du helburu, Donostian egiten denaren mailan. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak azaldu duenez, "EDAren konpromisoa da mahastizaintzako eta ardogintzako industrian berrikuntza, ekintzailetza eta jasangarritasuna bultzatzea, teknika efizienteak garatzea eta sektore horren erronketara egokitzen diren praktika jasangarriagoak aplikatzea". Aizegak azpimarratu duenez, "gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, EDAk tokiko tradizioak nazioarteko joerekin lotuko dituzten zubiak eraikitzen lagunduko du".
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantza Tapiak azaldu duenez, bertan hasiko da "Arabarentzat eta Euskadi osoarentzat aitzindaria eta estrategikoa den proiektu bat". Bestalde, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi du EDA ardoaren campusak "Arabako Errioxa munduko ardogintza izendapenen artean kokatzea" duela helburu, eskualdeak eta ardogintzak "Euskadiri prestigioa" ematen diotelako. Gonzalezen aburuz, Guardiako egoitzak proiektua indartuko du Gasteizko egoitzarekin batera: "sinergiak batuko dituzte ardoaren eta edarien balio katearen alde, unibertsitate prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren bidez".