EDA Drinks & Wine Campusa aurkeztu dute

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 10:40
Egitasmoaren aurkezpenean Jaurlaritzako, Aldundiko eta BCCko ordezkariak. / IREKIA

Jaurlaritzak eta Aldundiak Basque Culinary Centerrekin batera landutako proiektuak egoitza bana izango ditu Gasteizen eta Arabako Errioxan.

Edarien sektorearen "eraldaketan eragina" izateko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta BCC Basque Culinary Centerrek Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campus izeneko egitasmoa aurkeztu dute. 

Proiektuak "nazioarteko erreferente" izan nahi du edarien sektoreko "berrikuntzaren arloan", eta 2025ean martxan jartzeko asmoa agertu dute. Campusak bi egoitza izango ditu Araban: bata Gasteizen, eta, bestea, Arabako Errioxan. Jaurlaritzak zabaldutako oharraren arabera, kokaleku zehatzak aukeratzeko "lanean ari dira" sustatzaileak.

Duela hiru aste filtratu zen prentsara hiru erakundeek zentro hori martxan jarri nahi zutela, eta Arabako Errioxako egoitza Guardiako Samaniegotarren jauregia izango zela. Batzar Nagusietako oposizioko taldeek eraikin horretan eskualde mailako museo bat jartzeko eskaria aurkeztu eta gutxira jazo zen filtrazioa. Mozio horren ordez, EAJ eta PSE alderdiek mozio generikoagoa onartu zuten, eraikinaren erabilera zehaztu gabe. Mozioaren eztabaidan Onintxe Miren Guerra batzarkideak argudiatu zuen halako proposamenak ezin zirela aurkeztu legegintzaldia amaitzekotan zenean, eta gobernuko taldeek ez zutela "erosiko" erabilera zehatz bat.

Jaurlaritzak esan du besteak beste egitasmo horren bidez "edariek osasunean eta ongizatean dituzten ondorioei buruzko ezagutza zientifikoa" handitu ahalko dela. Ardoa, sagardoa, garagardoa alkoholdun edariez gain, alkoholik gabeko edariak ere landuko dituztela aurreratu dute, bai eta "edari hartzituak eta destilatuak" ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide