Samaniegotarren jauregia BCCren egoitza izatea nahi dute

Juanma Gallego 2023ko mar. 14a, 11:21
Samaniego jauregian Arabako Ogasunaren ordezkaritza bat baino ez dago orain. ALEA

Batzar Nagusietako oposizioko talde guztiek Guardiako Samaniegotarren jauregian museo bat jartzea eskatu eta gutxira filtratu dute Basque Culinary Centerrek bertan campus bat jarri nahi duela.

Guardiako Samaniegotarren jauregian eskualdearen ondarea jasoko lukeen museo bat jartzeko ideia ezerezean geratu daiteke, eraikina BCC Basque Culinary Centerren egoitza bat jartzeko proiektua gauzatzen bada. Momentuz erakunde publikoek ez dute gaiari buruzko adierazpen ofizialik egin. BCCk ALEAri baieztatu dio "lanean ari direla" proiektuan, baina ez dute gehiago argitu. Proiektuaren abiapuntuaz galdetuta, zentroaren eta erakunde publikoen arteko "ekimen komuna" dela adierazi dute. 

EH Bilduk aurkeztutako mozio batean abiatuta, jauregia museoa bihurtzeko eskaria egin zuten otsailaren 24an Arabako Batzar Nagusietako oposizio talde guztiek. Mozio horretan, Samaniegotarren jauregian Guardiako ondare historiko eta etnografikoa biltzeko museo eta interpretazio zentroa egiteko eskatzen zuten, bai eta Felix Maria Samaniego idazleari buruzko proposamen museografikoa lantzeko ere. Horren bitartez, Biasteriren Adiskide Elkarteak eskualdeari buruz urte luzetan bildutako materialei leku aproposa eman nahi zieten.

Foru gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek, berriz, ordezko mozio generiko bat onartu zuten, jauregiaren etorkizuna zehaztu gabe. Onintxe Miren Guerra batzarkide jeltzalearen arabera, gobernuko taldek ez dute "erosiko erabilera zehatz" bat jauregirako. "Proposamenak daude, eta, horren arabera, erabilera zehaztuko da", argudiatu zuen.

Hamar milioi euro

Orain, Vinetur aldizkari elektronikoan ezagutarazi dute bertan BCCren egoitza bat jartzeko asmoa dutela, eta Vocento taldean ere aurreratu dute proiektua. Informazio horien arabera, Jaurlaritzak hamar milioi euro jarriko lituzke jauregia egokitzeko, eta diputazioak, berriz, egoitza lagako luke. Espezializazio ikastaroak, masterrak eta doktoretza ikasketak eskaini asmo dituzte, bai eta ardogintzari buruzko prestakuntza ere. Campusa Guardian egongo balitz ere, Arabako Parke Teknologikoan upategi esperimental bat jartzeko asmoa omen du BCCk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide