Gasteizko alkateak euskararen aldeko adierazpen baten kontra bozkatu du

Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 10:30
EH Bilduko zinegotziak azaroaren 4ko manifestaziora deitzeko agerraldian. Argazkia: ALEA

Euskararen normalizazioaren aurkako azken epaien harira, euskara eta toki entitateen defentsarako adierazpen instituzional bat babestu dute EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin udal taldeek. PSEk eta PPk, berriz, horren kontra bozkatu dute.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ez du euskararen normalizazioa babestu nahi izan. Azken epaien harira, EH Bilduk adierazpen instituzional bat proposatu du gaur Gasteizko Udalean, EAJrekin batera, "instituzioetan euskararen erabilera bermatzen duten toki erakundeen defentsan".

Udal gobernuko bi alderdiak, EAJ eta PSE, ez dira gai izan adostasun batera iristeko euskararen normalizazioa babesteari dagokionez. Nolanahi ere, adierazpena aurrera atera da EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin udal taldeen babesarekin; baina PSEk eta PPk deklarazioaren kontra bozkatzea erabaki dute.

"Ez da lehenengo aldia Etxebarria andreak uko egiten diola euskararen defentsan agertzeari", kritikatu du EH Bilduk. Euskararen turra-rekin 2022an piztutako polemikaz gain, udal talde subiranistak gogora ekarri duenez, aurtengo uztailaren 13an 71 udalerritako alkateak bildu ziren Auzitegi Konstituzionalaren epai batek "euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen" zituela salatzeko. "Orduan ere oso agerikoa izan zen Etxebarria agertu ez izana, baina are deigarriagoa izan zen deialdiaren ezagutzarik ez zuela arrazoitu zuenean".

"Azkenaldian atera diren euskararen kontrako epaien harira, euskal udaletatik batasuna eta irmotasuna erakutsi behar dugu gure hizkuntzaren eta toki erakundeen eskumenen defentsan", aldarrikatu du EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok. "Horregatik, ulertezina egiten zaigu Gasteizko Udalaren buru denak euskararen eta euskal hiztunen aurkako eraso zuzen hauen aurrean halako pasibotasuna eta utzikeria erakustea".

Epaiak, "toki autonomiaren aurkakoak"

Adostutako testuan, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekinek berretsi egin dute EAEko Toki Erakundeen Legearen defentsa, "udal autonomiaren eta toki erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan". Era berean, Konstituzio Auzitegiaren uda aurreko epaia eta azken asteetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai berriak "toki autonomiaren aurkakoak" direla eta "hizkuntza arloko udal eskumenen garapen osoa mugatzen" dutela dio adierazpenak.

EH Bilduk "bereziki larritzat" jo du euskara "erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan hizkuntza" dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetu izana. Halaber, azken epaiek funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatu dituzte, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza plangintza ahalbidetzen dutenak.

"Toki erakundeen funtzionamenduan oztopo da udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea", ohartarazi dute hiru alderdi sinatzaileek. Eta, azkenik, "udal eskumenen defentsa egiteko" eskatu diote Gasteizko Udalari, "gure gizarteak euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko adierazi duen nahia errespetatuz eta adostasun zabalarekin onartutako legeria urratsak emateko orduan erabiliz".

Azaroaren 4an, manifestazioa

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, "euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren" aurkako manifestazioa egingo da larunbat honetan, azaroaren 4an, 17:00etan Bilboko Euskalduna Jauregitik abiatuta, Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Beste askoren artean, Gasteizko euskalgintzako 20 eragilek baino gehiagok bat egin dute deialdiarekin, baita norbanako ugarik ere.

Joan den ostegunean Foru Plazan egindako elkartasun argazkian, besteak beste, EH Bilduren Gasteizko hainbat zinegotzi izan ziren. "Horrelako jarreren aurrean, bat egiten dugu Euskararekin bat, euskaraz bat ekimenarekin, eta herritarrak animatzen ditugu kanpaina horren baitan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera", adierazi du Viterok.

ADIERAZPENA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide