Euskararen normalizazioaren aurkako beste kolpe bat. Oraingoan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu du Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea —bi epaileren kontrako botoarekin—, udaletan euskara hutsean jarduteko baimenak "oreka linguistikoa" eta "toki erakundeetako kideen hizkuntza eskubideak" urratzen dituela argudiatuta.
Auzitegiaren ustez, gaztelania erabili ahal izateko norbaitek euskaraz ez dakiela azaldu behar izateak Espainiako Konstituzioa urratzen du, botere publikoek ezin baitute hizkuntza koofizialetako bat "lehenetsi"; adibidez, deialdiak, gai ordenak, mozioak eta antzeko testuak soilik euskaraz egiteko.
Gaurko epaiaren abiapuntua Vox alderdi ultraeskuindarrak EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan Udalen Legearen 6.2 artikuluaren —hizkuntza ofizialak nola erabili arautzen duena— aurka jarritako salaketa bat da. Artikulu horren arabera, euskara hutsean idatz daitezke udaleko aktak eta beste zenbait agiri, "baldin eta, toki erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira".