Maider Etxebarria (PSE): "Ezin dut gehiago jasan EAJren 'turra' euskararekin"

Erredakzioa 2022ko mai. 30a, 18:00
Maider Etxebarria (PSE), zinegotzia eta alkateordea Gasteizko Udalean. / ALEA

Polemika piztu dute Gasteizko alkateorde eta PSEko zinegotziak elkarrizketa batean egindako adierazpenek: "Ezin dut gehiago jasan EAJren turra euskararekin. Aski da, utz diezaiotela euskal txartelak banatzeari", esan du Etxebarriak.

2023ko Gasteizko udal hauteskundeetarako bere hautagaitzaren harira El Correo egunkarian egindako elkarrizketa bateko bigarren galderan, Maider Etxeberria alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi ordezkariak euskararen inguruko adierazpen polemikoak egin zituen larunbatean:

– Zer iruditzen zaizu EAJk esatea euskara dela euskaldun egiten gaituena?

– Ezin dut gehiago jasan EAJren turra euskararekin. Bost hizkuntza dakizkit eta euskara ikasi eta hitz egiten dut gustatzen zaidalako, filologoa naizelako. Ez dut nire burua euskara hobeto edo okerrago hitz egiten duen bat baino euskaldunagotzat hartzen. Aski da, utz diezaiotela txorakeria horiek esan eta euskal txartelak banatzeari. Euskadiko nazionalismoaren zati batzuen harrotasunaren adibide da. Jokaldia borobiltzeko, Egibarrek esan zuen EAJren beraren itzulpen akatsa izan zela. Bere burua hobetzat duenaren ohiko basakeriak eta zakarkeriak dira. Agian erakusten duena gutxiagotasun konplexu bat da. Hala bada, berak senda dezala.

EAJko Euskadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek Gasteizko alkateordearen adierazpenak kritikatu ditu: "Euskararen alde egitea ez da inoiz turra ematea", eta sare sozialetan asko izan dira Etxebarriari "euskarafobia" izatea leporatu diotenak:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide