Oldarraldiaren aurrean, Gasteiz ere euskararekin bat

Mikel Buruaga 2023ko urr. 26a, 18:00

Gasteizko euskalgintzak bat egin du azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin. Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, "euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldia" salatuko dute Bilbon.

Hurrengo larunbatean, azaroaren 4an, Euskal Herri osoko euskaltzaleek eta, oro har, hizkuntza eskubideen zein euskararen normalizazioaren alde dauden herritar guztiek hitzordu garrantzitsua izango dute Bilbon: Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, "euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren" aurkako manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik, Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean.

Azken aldian, euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten neurrien aurkako hainbat sententzia iritsi dira auzitegietatik, eta, hain zuzen ere, testuinguru horretan mobilizatzera deitu du euskalgintzak.

"Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra", ohartarazi du Kontseiluak. "Izan ere, sententzia guztiek elementu komun bat dute: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik eta, beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan".

Manifestazioa euskalgintza mugimenduak deitu duen arren, "hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten eragile eta norbanako guztiei oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egiteko eta euskaraz bat izateko" gonbidapena luzatu die Kontseiluak: "Guztion indarra beharko dugu oldarraldiari erantzun sendoa emateko".

Gasteiztik ere, Bilbora

Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdiarekin bat egin dute Gasteizko euskalgintzako eragileek —tartean, Arabako ALEA—, bai eta Arabako hainbat sindikatuk, kolektibok eta erakundek ere. Beren atxikimendua adierazteko elkartasun argazkia atera dute Foru Plazan 23 eragilek, hainbat norbanakorekin batera:

  • Auzolana Pilotalekua
  • ELA sindikatua
  • Errekaleor Bizirik
  • Zizta Euskara Taldea
  • Zabalganako Euskara Taldea
  • Batuta - Judimendiko Euskara Batzordea
  • Abetxukuko Euskara Batzordea
  • Olarizu Euskara Taldea
  • Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
  • LAB sindikatua
  • Ernai
  • IKA euskaltegia
  • Udaberria euskaltegia
  • Hegoalde euskaltegia
  • Lazarraga Kultur Elkartea
  • Bilgune Feminista
  • Sarburu - Salburuko euskara taldea
  • Gasteizko AEK
  • GEU Elkartea
  • Arabagara Topagunea
  • Arabako ALEA
  • Basara elkartea
  • Lekueder

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide