Beste kolpe bat euskara lehenesten duen Udal Legeari, Vox-en ekimenez

Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 11:30

EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Argazkia: Zarateman

Vox-ek aurkeztutako helegite bat aintzat hartuta, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu Udal Legea garatzeko dekretuaren hainbat artikulu. "Totalitarismo separatistaren aurkako garaipena" ospatu du alderdi ultraeskuindarrak.

Uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legea baliogabetu egin zuen, udalei euskara hutsean jarduteko aukera eragotziz, "hizkuntza eskubideak urratzen" zituela iritzita.

Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia izan da 2016ko Udal Lege hori garatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarritako dekretu autonomiko bat bertan behera utzi duena; hain zuzen ere, toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du.

Vox eskuin muturreko alderdiaren helegite baten harira iritsi da Administrazioarekiko Auzien Aretoaren erabakia. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka emandako epaiaz baliatu da Vox, hura garatzen zuen erregelamenduaren zenbait atal errekurritzeko.

Irailaren 28an sinatutako epaiak Udal Legearen arlo linguistikoa garatu zuen dekretuko hainbat atal baliogabetu ditu; zehazki, 9.2., 11.1. eta 12. artikuluak baliogabetu ditu, baita 18., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk.

Bertan behera utzi dituen neurrien artean daude, besteak beste, kontratu publikoen erakunde edo enpresa esleipendunek herritarrei zuzendutako mezuetan, udal jardueretan eta dokumentu publikoetan euskara lehenesteko edo euskara hutsean aritzeko eskubidea bermatzeko neurriak.

Ohar batean, Vox-ek pozez hartu du ebazpen judiziala: "Albiste bikaina. Totalitarismo separatista jazartzen jarraituko dugu fronte guztietan, eta garaipena lortuko dugu".

Euskararen aurkako oldarraldia

Nolanahi ere, epaia ez da irmoa. Jaurlaritzak helegitea aurkezteko aukera du oraindik, irailaren 28an hasita 30 eguneko epean. Premiazko balorazio batean, Bingen Zupiria sailburuak salatu du epaia "politikaren judizializazioaren adibide argia" dela, eta baieztatu du Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko duela Espainiako Auzitegi Gorenean. Gainera, azpimarratu du gehiengo osoarekin onetsitako dekretuaren aplikazioak ez duela "inolako eztabaida edo polemikarik" sortu EAEko toki erakundeetan.

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak "euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua" dela aldarrikatu du, azaroaren 4ko manifestazioaren garrantzia azpimarratuz eta alderdiei bat egiteko dei eginez. Mobilizazioa Bilbon izango da, eta 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean.

Sententzia "oso larritzat" jo du Kontseiluak, "udaletan euskararen sustapen eta normalizazioaren aldeko politikak baliogabetzen" dituelako eta "botere judiziala euskal gizartean adostasun oso zabala duten politikak baldintzatzen eta murrizten" ari delako. Halaber, Eusko Jaurlaritzari helegitea jartzeko babesa agertu dio.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide