Kontrol sozialaren aurkako kanpaina abiatu du Gasteizko GKSk

Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 09:30

Azaroaren 18ko manifestaziora deitzeko pankarta. Argazkia: @GKS_Gasteiz

Azaroaren 18rako manifestazioa deitu du Gazte Koordinadora Sozialistak Gasteizen, Kamerak ez! Kontrol soziala borrokatu! lelopean. Besteak beste, "intimitatearen eta eskubide politikoen urraketa" salatuko dute.

Bideozaintzarako kamera inteligenteen ezarpena; udaltzain kopuruaren areagotzea, ekipamenduen berritzea eta Jose Erbina kaleko komisaria berria; pertsonen mugimenduaren monitorizazioa telefonoen seinaleen bidez; OSINT teknikak baliatuz grafitiaren eta grafitigileen "ehiza" eta salaketarako bulego digitala; edota garraio publikoko bideozaintza.

Horiek guztiak "kontrol sozialerako erremintak" direla eta "turismoaren eta hiritarren segurtasunaren aitzakiapean inposatuko" dituztela salatu du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), berriki Gasteizen martxan jarri duen kanpainaren testuinguruan. Kamerak ez! Kontrol soziala borrokatu! lelopean, manifestazioa deitu dute azaroaren 18rako, 19:00etan Santa Maria Plazatik abiatuta.

Intimitatea eta eskubide politikoak

Azken aldian Gasteizko Udalak "kontrol soziala areagotzeko" martxan jarritako mekanismo horiek udalbatza osatzen duten "alderdi guztien onespenarekin" ezarriko direla kritikatu du GKSk.

"Gizarte kapitalista osoan ematen ari da autoritarismoaren eta kontrol sozialaren areagotzea", ohartarazi dute. "Krisi ekonomikoak desegonkortasun sozial eta politikoa dakar, eta horren aurrean enpresari handiek eta horien zerbitzura dauden politikariek haien posizioa mantentzeko neurriak hartzen dituzte. Hau da: langile klasea mendean mantentzeko baliabideak hobetzen saiatzen dira".

"Horrek guztiak dakarrena, banakoaren intimitatearen urraketa nabarmena izateaz gain, langile klasearen eskubide politikoen urraketa larria da. Teknologia horiek langileriaren jarduna zelatatu eta zigortzeko erabiltzen baitira", salatu dute. "Horren aurrean gazte langileok aurrera pauso bat eman behar dugu, areagotzen ari den kontrol sozialari aurre egin, eta neurri autoritarioen aurka antolatzeko".

Azkenik, "gazte langileon aurkako kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitzea" exijitu dute, bai eta "eskubide politikoak borrokatzera" deitu ere.

Hitzaldiak eta tailerra

Mobilizazioaren aurretik, hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte ere: azaroaren 3an, ostiralean, Grafitiaren ehiza: gazteriaren kontrol soziala eta kriminalizazioa hitzaldia, 19:00etan Gasteizko Gaztetxean; azaroaren 10ean, ostiralean, Kontrol soziala eta autoritarismoa XXI. mendean. Zer egin dezakegu? hitzaldia, 18:00etan Landatxo gizarte etxean; eta azaroaren 11n, larunbatean, Zibersegurtasuna eta Big Data tailerra, 11:30ean Judimendiko Auzo Elkartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago