Abian dira Jose Erbina kaleko Udaltzaingoaren bulegoen eraikin berriko obrak. Haurren eta Familien Udal Zerbitzuaren egoitza izandakoa, hilabete batzuk barru, Udaltzaingoaren bulego bihurtuko da eta hiritarrek hara jo ahal izango dute salaketak jartzera. Gainera, hara bideratuko dituzte Poliziaren zerbitzu ugari eta Agirrelandako haien bulegoak libre utziko dituzte Udaltzaingoaren beste unitate batzuei uzteko.
Jose Erbina eraikinaren barrualdea eraldatuko dute honako espazio hauek jaso ditzan: jendeari arreta emateko gunea, bulegoak, erabilera anitzeko aretoa, aldagelak, eta Adingabeen, Kudeaketako eta Plangintzako eta Drogaren Aurkako Ekintzako unitateak, besteak beste.
Kanpoaldean, aldiz, itxiturak (leihoak eta ateak) berrituko dituzte seguruagoak izan daitezen eta instalazioak izango duen erabilera berrira egokitzeko. Proiektuaren inbertsioa 527.523 eurokoa izango da, eta lanak egiteko epea bost hilabetekoa izango da. Uda hasieran izango dira lanak amaituta.
"Hirigunera gerturatzea ahalbidetzeaz gain, bulego berriak lagungarriak izango dira Agirrelandan espazioa behar zuten zerbitzu batzuk arintzeko. Hori guztia Poliziaren lanaren kalitatea eta eragingarritasuna hobetzeko lagungarria izango da. Segurtasunarekin lotutako errealitate eta premia berrietara egokituta dagoen XXI. mendeko Polizia sortu nahi dugu", azaldu du Maider Etxeberria alkateordeak.