Gasteizko Udalak inteligentziaren eta zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabili nahi ditu Gasteizen "grafiti bandalikoak" egiten dituzten pertsonen aurka egiteko.
Horiek kontrolatzeko udalak atera duen lizitazio batean berariaz aipatzen da zeregin horretan arituko den enpresaren barruan peritu judizialak, dokumentoskopian eta OSINT tekniketan aditu diren profesionalak egon behar direla. OSINT edo Open Source Intelligence tekniketako helburua da informazioa eskuratzea iturri irekien bitartez. Azken garaietan, batez ere sare sozialen gorakadari eta informazio teknologien zabalpenari esker orokortu dira horrelako inteligentzia teknikak, baina zerbitzu sekretuetan aspaldiko lan tresna da, baita garai analogikoetan ere.
"Kale eta alde zahar historikoetan egindako grafiti bandalikoek kalte handiak eragiten dituzte ekonomian eta bizikidetzan, eta horiek kuantifikatu daitezke transmititutako irudiaren galeran, bai herritarren zein bisitarien artean", adierazi dute txostenean.
Udalak ez du zehaztu zertan gauzatuko diren teknika horiek, baina Gabonak baino lehen jakinarazi zuen Grafitiaren Bulego Birtuala martxan jarri nahi zuela. Orduan iragarri zuten informazioa, alde batetik, "zuzenean herritarrengandik iritsiko" dela, webgunearen, 010 zenbakiaren eta VGarbi zerbitzuaren bidez. Bestetik, garbiketa enpresaren, Udaltzaingoaren eta hondakinak kudeatzeko unitateko ikuskatzaileen bidez ere jaso behar dute.
Oinarrietako bat txosten kaligrafikoak izango dira, grafiti horien egileak identifikatzen saiatzeko. Gutxienez urtean halako hamasei txosten egin beharko ditu kontratua eskuratzen duen enpresa lizitatzaileak. Ostegun honetan jakinarazi behar da zein izango den inteligentzia jardun honen ardura izango duen enpresa. Bertan gutxienez Grafistika, Dokumentoskopian eta Psikografologian auzitegi peritu bat, kriminologo bat eta abokatu bat egon beharko dira lanean.
Aurretik antzeko esperientzia abiatu duen udal bakarrenetakoa Coruñakoa izan da. Bertan duten Oficina Virtual do Graffiti izenekoak salaketak jasotzeko formulario bat du martxan.