268.100 euro Gasteizko erdigunearen bideozaintzarako

Erredakzioa 2023ko urt. 15a, 06:00

Bideozaintzarako kamera bat, Londresen. / Argazkia: PIXABAY

Gasteizko Udalak bi lehiaketa abiarazi ditu: erdigunean azterketa inteligenterako bideozaintzako 17 kamera instalatuko dituzte (133.100 euro), eta Agirrelandako polizia-etxean zortzi monitoreko pantaila handi bat jarriko dute (135.000 euro).

Ostiral honetan, Gasteizko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Herritarren Segurtasun Sailak hiriko erdigunean instalatuko dituen bideozaintzako 17 kamera kontratatzeko prozedura abian jartzea. Kontratua 133.100 euroko aurrekontuarekin atera da lehiaketara. "Gizarte, merkataritza eta turismo arloko jarduera handiko toki estrategikoetan herritarren segurtasuna sendotzeko" helburuarekin, Andre Maria Zurian, Plaza Berrian eta erdiguneko beste hainbat kaletan kokatuko dituzte. 

Kamerak azken belaunaldikoak izango dira, eta denbora errealean egoerak detektatzeko gai den bideo-analisi adimentsua izango dute. Hau da, egoerak antzeman eta automatikoki jakinaraziko dizkio Udaltzaingoari. Besteak beste, aurpegi ezagutza egiteko gai izango dira, lizitazioaren agirietan zehaztutakoaren arabera. "Adimen artifizialaren bidez "pertsonak, objektuak, ibilgailuak eta abarrak identifikatu ahal izango ditu, eta beste esparru batzuetan erabili ahal izateko informazioa emango du: merkataritzan (pertsonen joan-etorria ardatz komertzialetan), kulturan (ekitaldietarako asistentzia) edo turismoan, adibidez", azaldu du Udalak, plazaratutako oharrean.

Kamera gehienak buru anitzekoak izango dira, hainbat objektiborekin, eta aldi berean zonalde zabalak zaindu ahal izango dituzte; ikuspegia 360º-koa izatera iritsi ahal izango da.

Sistema berriak Euskadiko Bideozaintza eta Askatasun Batzordeak emandako baimena izango du, Donostia, Bilbo edo Iruñea bezalako hiriek jorratutako bidetik. Udalak azpimarratu duenez, Iruñean instalatutako kamerei esker La Manadako kideak identifikatu eta atxilotu ahal izan zituzten.

Videowall-a

Kamera berriek hartutako irudiak Agirrelandako operazioen zentralean instalatuko duten videowallLCD motako 8 monitoreko pantaila handi bat—batean ikuskatu ahal izango dira denbora errealean. Bistaratze sistema berriak zirkulazioaren kontrolerako eta beste kamera batzuen seinaleak jasoko ditu ere. Halaber, irudiak prozesatzeko software aurreratu bat izango du.

Gailu berriaren instalazioa ere lehiaketara atera du Udalak, 135.000 euroko aurrekontuarekin.

Kokaleku zehatzak

Lizitazioaren agirian adierazitakoaren arabera, hauek izango dira kamera horien koalekuak:

  • San Frantzisko Xabierkoaren kantoiko arrapala mekanikoetan, bat.
  • Bakardade Kantoiko arrapala mekanikoetan, hiru.
  • San Frantzisko aldapan, bi.
  • Mateo Benigno Moraza kalean, bi.
  • Plaza Berrian, lau.
  • Udaletxerako sarbideetan, bi.
  • Andre Maria Zuriaren plazan, hiru.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago