Osteguna Rock: hiru eguneko festarako gosegarria

Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 12:00
2022ko Osteguna Rock, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: OSTEGUNA ROCK

Ostegunean, 19:00etatik aurrera, Andre Maria Zuriaren plazan arituko dira Eclipse eta The Vanjas talde suediarrak, Barriomania gasteiztarrekin batera.

Azkena Rock Festival jaialdiaren XXI. edizioa ekainaren 15etik 17ra ospatuko da, eta ostegunean lehertuko da rock festa, 18:00etatik aurrera. Paraleloki, osteguneko 19:00etatik aurrera izango da Osteguna Rock kontzertua, Vital Fundazioak eta Araña del Rock kultur elkarteak urtero antolatzen duten hitzordu berezia.

Mendizabaletik harago rockaz gozatzeko plan paregabea eskainiko du kontzertuak, Eclipse eta The Vanjas suediarren eta Barriomania talde gasteiztarraren eskutik. Suediarrek sarrerak agortzen ari dira haien nazioarteko biretan, eta Gasteizen musu-truk gozatu ahal izango dira.

21:30ean, Eclipse

Hard rock melodikoa egiten du Suediako Eclipse taldeak, eta mundu osoan zehar jo du, baita sarrerak agortu ere. Japonian, Australian eta Amerikan izan dira, besteak beste, eta bira luzeak egin dituzte Europan zehar. Viva La Victoria kantak, Paradigm laneko single nagusiak, streaming bidezko 15 milioi erreprodukzio baino gehiago lortu ditu. Bestalde, Saturday Night (Hallelujah), pandemia osteko Wired diskoko kanta, festa ereserki bihurtu da Covid-osteko belaunaldiarentzat.

 

20:10ean, The Vanjas

Kartela osatzeko, 50eko eta 60eko hamarkadetako soul, rhythm'n'blues eta garage rock doinuetan inspiratutako Stockholmeko The Vanjas laukote suediarra ere izango da. Ospe handia lortu dute Ike & Tina, Little Richard, Blondie edo The Sonics gogora ekartzen dituzten soinuekin. Urte hauetan Suedian, Norvegian, Finlandian, Danimarkan, Italian, Espainian, Erresuma Batuan eta Alemanian ibili dira biratan, eta kritika oso onak jaso dituzte. Orain atsedenaldi bat hartu dute, baina, noizbehinka, aste honetan Gasteizen egingo duten bezalako emanaldiak egiten ari dira.

 

19:00etan, Barriomania

Suediarrek Barriomania talde gasteiztarra izango dute lagun. Pandemiaren ostean sortutako taldea da, Antik (ahotsa eta gitarra), Brusek (ahotsa), Asier Yarzak (baxua) eta Asier Fernandezek (bateria) jasandako akidura mentalari amaiera emateko. Ibilbide desberdinak dituzten lau musikari dira, banda bat osatzeko eta kalitatezko zein nortasun handiko musika eskaintzeko gogoz. Taldeko kide bakoitzak bere estilo propioa izan arren, bakoitzak duen esperientzia indibidualari esker collage perfektua sortu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide