Azkena Rock jaialdia osatuko dute Trashville eta hiriguneko kontzertuek

Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 13:30

The Soundtrack Of Our Lives talde suediarra berriro elkartuko da Gasteizen. / Argazkia: ARF

Trashville gune indartsua aurkeztu du Azkena Rock Festival jaialdiak, besteak beste, Billy Childish, The Kaisers eta Steel Beans taldeekin. Horrez gain, The Soundtrack Of Our Lives taldea itzuliko da, eta Chuck Prophet arituko da Andre Maria Zuriaren plazan.

Lau hilabete baino ez dira falta. Ekainaren 15etik 17ra Mendizabalan ospatuko da Azkena Rock Festival jaialdiaren XXI. edizioa. Aste honetan hiru iragarpen egin ditu Last Tourrek: Trashville gunearen lehen taldeak; Mendizabalako egitaraua osatuko duten beste hainbat talde, tartean The Soundtrack Of Our Lives rock talde suediar mitikoaren itzulera; eta Andre Maria Zuriaren plazako doako kontzertuetako lehena, Chuck Prophet & The Mission Express. Horrela, guztira 42 talde iragarri dituzte jada.

Lehen baieztapenak, urrian, Iggy Pop, Rancid eta Lucinda Williams izan ziren, Steve Earle, Melvins, Calexico, Queensrÿche, Monster Magnet, El Drogas, Pasadena, Brigade Loco eta beste hainbat talderekin batera. Ondoren, abenduan, The Pretenders eta Incubus batu ziren aurtengo ediziora, eta, egunez eguneko kartelarekin batera, besteak beste, Alter Bridge, The Undertones, Liher, Ezpalak, Ana Popovic, Earthless, Lydia Lunch eta The Guapos taldeak iragarri zituzten.

Trashville, gune basatiena

ARF jaialdiaren barruko aretoan, Trashvillen, publikoaren eta agertokiaren arteko bereizketa ezabatzen da eta zuzeneko gordinenak bizitzeko aukera dago. Garaje, surf eta rockabilly doinuak, izerdia eta dezibelioak. Aurten, gainera, "historia osoko programazio potenteena" aurreratu dute antolatzaileek.

Agertoki berezi horretara igoko diren artisten artetik, Billy Childish rock and rollaren mito eta erreferentea da aste honetan iragarritakoen artean nabarmenduena. Poeta, margolaria, argazkilaria eta ehun album baino gehiago argitaratu dituen musikari oparoa da, letra eta soinu zikin eta vintage zorrotzez betea. Wild Billy Childish & CTMF proiektuarekin iritsiko da Trashvillera.

Lehen kartelburuaz gain, ARF jaialdiaren gune basatienean arituko diren talde gehiago jakinarazi dituzte:

  • 90. hamarkadatik datorren eta zuzenean ikusteko zaila den The Kaisers.
  • Hainbat musika tresna jotzen dituen Steel Beans, aurten oso ezagun egin dena biralizatutako jam batekin.
  • AEBetan erreferente den The Reverend Peyton's Big Damn Band taldea, redneck espirituaz blai.
  • King Salami And The Cumberland Three taldeak Trashvilleko karpa astinduko du bere rockabilly, rock and roll eta soul estiloen nahasketa dibertigarri eta harrigarriarekin.
  • Danimarkatik datoz spaghetti western zale diren Hola Ghost taldea. Beren buruari Copenhagen gringos deitzen diote, mariachi mexikarra, rockabillya eta surfa uztartuta.
  • Los Tiki Phantoms katalanek sekulako zuzeneko ikuskizuna eskainiko dute beren maskara bereizgarriak jantzita.
  • Hainbat musika tresna jotzen dituen Nestter Donuts gazteak ere ez du hutsik egingo, flamenkoa eta punka uztartzen dituen bere proiektu bereziarekin.

Aurten ere, Trashvillek eszenatokiak kartel propioa du, ARF 2023 jaialdi osoaren irudiaren arduradun Pablo Gallo marrazkilari, ilustratzaile eta margolari ospetsuak sortutakoa. "Ezin hobeto nabarmentzen du ekitaldiaren ukitu klasiko eta errebeldea", azaldu du Last Tourrek, Coruñan jaio eta Bilbon bizi den artistaren lanari buruz.

Mendizabala, rockaren festa

Agertoki nagusietara batu diren banden artean, Suediako psikodeliaren ordezkari The Soundtrack of Our Lives taldearen bateratzea esklusiban bizi ahal izango du aurtengo publikoak. Talde mitikoak berriro elkartzen ikusteko aukera izan da historikoki ARF (Gluecifer, The Jayhawks edo The Hellacopters), eta talde suediarrak jaialdiaren historian hobekien baloratu diren kontzertuetako bat eman zuen 2009. urteko edizioan. Hamarkada bateko isilaldiaren ostean, berriz elkartuko dira ikuskizun gutxi batzuk eskaintzeko; horietako bat Gasteizen, bakarra Espainiako Estatu osoan.

Suediarren itzuleraz gain, Amanda Shires artista iparramerikarra (country, rock eta folk generoak) eta Cordovas (amerikar eta country rock estiloa) taldea ere gehitu dituzte egitarau nagusira.

Musika hiriaren bihotzean

Andre Maria Zuriaren plazan, hiriarekin bat egiteko aukera bilatzen du jaialdiak, zuzeneko musikaz eta sarrera libreko kontzertuen bidez kaleak bete eta publikoa bertako ostalaritzara eta gastronomiara gerturatzeko. Bermutaren ordurako doako egitarauaren lehen iragarpena aurkeztu dute aste honetan ere.

Chuck Prophet & The Mission Express artista ezagunak 2022ko edizioan jo behar zuen, baina osasun arazoak zirela eta, bertan behera geratu zen. Aurten, berriz, ekainaren 17an, larunbatean, mundu guztiak izango du aukera haren musikaz gozatzeko. Chuck Propheti buruz diote Tom Pettyren antzeko ahotsa, Bob Dylanen pareko jarrera lirikoa eta Eric Clapton edo Keith Richards handiek adinako talentu instrumentala duela. Nolanahi ere, rockaren gitarrista eta konpositore garrantzitsuenetako bat da.

Sarrerak eta abonamenduak

Honako hauek dira, une honetan, Azkena Rock Festival jaialdiaren webgunean eskuratu daitezkeen sarrera eta abonamenduen prezioak; data hurbildu eta talde gehiago iragarri ahala, prezioek gora egingo dute:

  • 14 urte edo gutxiago dituzten gazte eta haurrak: sarrera doan
  • 15 urtetik 23 urtera bitarteko gazteak (Gazte Bonua): 100 euro
  • Bonua (24 urte edo gehiago): 155 euro
  • XX. urteurreneko pack berezia (bonua + liburua + kamiseta + posterra + totebag): 175 euro
  • Sarrerak:
    • Ekainak 15, osteguna: 50 euro
    • Ekainak 16, ostirala: 70 euro
    • Ekainak 17, larunbata: 70 euro
  • Kanpina (lau gau): 20 eurotik aurrera

EGITARAUA

 

TRASHVILLE (kartela)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago