Kontrabaxua eta saxofoia, Gasteizko Jazzaldiaren irudi berria

Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 17:30
Rocio Larrumbide (Gasteiz, 1993) artistak diseinatu du aurtengo kartela. / JAZZVITORIA.com

Rocio Larrumbide artista gasteiztarrak diseinatu du uztailaren 3tik 8ra ospatuko den Gasteizko Jazz Jaialdiaren 46. edizioko kartela.

Bost hilabete baino gutxiagora dago Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioa, eta kartela aurkeztu dute gaur, Rocio Larrumbide artistaren eskutik. Diseinatzaile gasteiztarrak instrumentu klasikoak —laranjatutako saxofoi hori bat kontrabaxu arrosa bat jotzen— baliatu ditu, diseinu gazte baten bitartez Jazzaldiaren zaleak erakarri eta elkartzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, helburu bikoitza du irudi berriak: "Zalerik fidelenak asetzea eta ikusle gazteagoak ekitaldira hurbiltzera gonbidatzea". Horretarako, Larrumbidek jazza, mugimendua, inprobisazioa eta kolorezko instrumentu klasikoak uztartzen dituen diseinua lortu du.

Saxofoiaren eta kontrabaxuaren bidez, "musika diseinutik ateratzen eta entzuten den sentsazioa" bilatu du egileak. Gainera, instrumentuei begiak erantsi dizkie "pertsonifikatu eta bizia emateko, jaialdiaren alde dibertigarri hori eragiten saiatuz".

Rocio Larrumbide

Diseinuaren egile Rocio Larrumbidek (Gasteiz, 1993) Bartzelonan garatu du bere bizitza profesionala, diseinuan eta artearen ikerketan trebatuz. Erakusketa interaktiboen diseinuan aditua da, eta diziplina anitzeko estudioekin, unibertsitateekin eta eskolekin kolaboratzen du, diseinuko irakasle gisa. Bere sorkuntza artistikoak egiteaz gain, diseinatzaileak enkarguak ere hartzen ditu bere gain; horietako asko, hain zuzen ere, musikaren sektorearekin lotutakoak, diskoen azalen ilustratzaile gisa.

Gasteizko Jazzaldiaren kartela "oso lan berezia" izan da berarentzat: "Nire hiriko ekitaldi handienetako bat da, eta harrera bikaina du herritarren artean, zale amorratuak izan ala ez", azaldu du. Larrumbide behin baino gehiagotan izan da Mendizorrotzeko kontzertuetan, eta aurten ere bertan izango da.

Kartela diseinatzeko erronka bere gain hartzea "ardura handia" izan dela aitortu du: "Aurretik 45 diseinu oso garrantzitsu egon dira. Badakit kartela publikoarentzat dela, eta berarekin identifikatzea espero dut".

Oraingoz, Mendizorrotzako agertokian elkartuko diren bi izen handi iragarri dituzte: Maria Schneider konpositore eta orkestra zuzendaria, eta Brad Mehldau pianista. Datozen egunetan baieztapen gehiagoren berri emango dute.

Erlazionatuak

Schneider eta Mehldau datoz

Erredakzioa 2023 ots 09 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide