ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek deitu dute arratsaldeko manifestazioa, Martxoak 3 Elkartearekin batera, Bizi baldintzen suntsiketaren aurka, etorkizuna bermatzeko oraina borrokatzen lelopean.
Gogoan izan dituzte 1976ko martxoaren 3an eta hurrengo egunetan Gasteizen, Basaurin eta Tarragonan hildako zazpi langileak, baita azken 15 urteetan lan istripuetan hildako ia 1.000 lagunak ere.
Horrekin batera, "dena pribatizatu nahi duen estatu kapitalista eta neoliberala" salatu dute, hezkuntza, osasuna, pentsio sistema eta gizarte laguntza publikoak aldarrikatuz.
Atxiloketak
Manifestazioaren amaieran, Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu, mobilizazioan istiluak eragitea egotzita eta kalez jantzitako agenteak baliatuta; horrez gain, hainbat gazte identifikatu dituzte ere. Bi gazteak Lakuako polizia-etxera eraman dituzte, eta hainbat orduren ostean aske utzi dituzte, desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Ofiziozkoa ez den abokatua izendatzeko eskubidea urratu dietela salatu du Gazte Blokeak.
Hurrengo egunean, martxoaren 4an, Gazte Blokeak elkarretaratzeak egin ditu 13:00etan Gasteizen, Amurrion eta Lemoan, Ertzaintzaren "jarrera erasokorra eta mehatxuak" salatzeko: "Garaiko Martxoaren 3ko memoria gazte eta ikasleen artean transmititu eta orduko aldarrikapenak egungo garaietara egokitzen jarraituko dugu", adierazi du Gazte Blokeak.
‼️ Ertzaintzak, kalez jantzitako agenteak tarteko, bi gazte atxilotu ditu Martxoaren 3ko manifestazioaren amaieran.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) March 3, 2023
📍 Gazte Blokeak mobilizazio bat deituko du biharko, larunbaterako https://t.co/MkxtdGxbYs pic.twitter.com/dYV8ahIDOp