Martxoak 3ko sarraskiaren 47. urteurrenaren atarian, Gasteizko San Frantzisko eliza Memoriagune bihurtzeko ekimenaren inguruan mezu nahasi ugari ibili dira. Nerea Martinez Aranburuzabala (Gasteiz, 1983) elkarteko kideak argitu du zertan geratu diren memoriala gauzatzeko izandako negoziazioak.
Gaia gertutik jarraitu ez dugunon artean, nahaspila asko atzeman da azken asteotan. Zer gertatu da ba?
Instituzioen aldetik seriotasun falta eta ustekabeko gidoi birak egon dira. Ondorioz, elkartea nahiko gaizki tratatua sentitu gara, eta ez dugu berriz halakorik onartuko. Presionatu behar izan dugu memorialaren eraikuntza prozesuan gure ahotsa garrantzitsua izan dadin. Azkenean lortu dugu instituzioek konpromiso bat sinatzea, batez ere Gasteizko Udalean gehiengoa ez dutelako. Hala, 2021eko hitzarmena aurrera eraman eta estatutuetan guk eskatutako aldaketak sartzea lortu dugu.
Zer aldaketa izan dira horiek?
Batetik, egia, justizia eta biktimen erreparazioa helburuen artean egotea. Bestetik, memorialaren definizioan izaera dinamikoa gehitzea lortu dugu. Patronatuan, ahotsarekin eta boto eskubiderik gabeko ohorezko lehendakaritza izateko eskaera egin dugu ere, baina ezetza jaso dugu, horren zergatia jakin gabe. Zerbait sinbolikoa zen. Horren ordez, lehendakariordetza bat lortu dugu. Horretan ez gara tematuko. Garrantzitsuena da herri mugimenduaren borrokari esker instituzioek biraketa bat eman dutela
"HERRI MUGIMENDUAREN LANARI ESKER, INSTITUZIOEK BIRAKETA BAT EGIN DEZATELA LORTU DUGU"
Lehendakaritza horrez gain, akordioan zerbait bota duzue faltan?
Gauzak beti hobetu daitezke, noski, eta gure eskaera zabalagoa izan zen. Baina aintzat hartu behar da prozesu hau duela bi urte abiatu zenean, Memoria Gara elkartea sortu zenean, instituzioek esan zigutela hau egitea ezinezkoa zela. Urte gutxi batzuetan eman den aldaketa izugarria izan da: memoriala ezinezkoa zela esatetik errealitate bat izatera igaro gara. Memoriala eraikiko da, eta elkarteon iritziak erabakigarriak izango dira prozesu horretan. Zoriontzeko modukoa da hau. Baina, modu berean, oso adi ibiliko gara, azken asteetan nahasmen asko egon delako, eta, ondorioz, oso mesfidati gaudelako. Azkenengo momentuan akordioak aldatzea, adostutakoa alde batera utzi eta dokumentu berriak bidaltzea, aktarik gabeko bilerak egitea, proposamenak idatzita bidali beharrean azken orduko telefono deiak egitea... Hori ez da negoziazio edo elkarlan prozesu serio batean funtzionatzeko modua. Horregatik, bermatu behar dugu instituzioek akordioa osotasunean beteko dutela, puntu guztietan.
Nola geratuko da osatuta patronatua?
Guztira hamasei batzordekide egongo dira: Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek, bakoitzak bi izango dituzte; Jaurlaritzak, aldundiak eta udalak, bakoitzak hiru. Beste hiru Gotzaindegiarenak izango dira. Horretaz gain, Jaurlaritzan memoria politiken arduraduna lehendakaria izango da. Martxoak 3 elkarteko bi kideetako bat izango da lehendakariordea.
Gotzaindegiarekiko harremanak zertan dira orain?
Prozesuaren hasieran beraiekin elkartu ginen momentu desberdinetan, baina azkenengo bileretan hiru instituzioekin egon gara. Gotzaindegia ez da egon.
Memoriaguneari berari dagokionez, orain zer egoeratan dago proiektua?
Oraindik ez dago proiekturik: zerotik hasi beharra dago. Eraikuntza nahiko egoera tamalgarrian dago. Berriztapen lanak egin beharko dira memoriala bertan egon ahal izateko. Zerotik ere diseinatu behar da nolakoa izango den. Horregatik uste genuen ezinbestekoa zela hitzarmena sinatuta egotea, bermatzeko gure partaidetza eta gure erabakitzeko ahalmena egongo zela diseinuaren prozesu horretan, hasiera-hasieratik. Gure asanbladan beldur bat azaleratu zen: memoriala egingo zela biktimen iritzia kontuan izan gabe. Beren errealitatea eta bizi izan zuten borroka hori islatuta ikusi behar da memorialean. Guztion artean eraiki behar dugu memoria hori, eta zerbait bizia izan behar da, gaur egungo borrokei lotutakoa; gaur egungo egoera ere salatzeko. Borrokarekin jarraitzeko tresna bat izan behar da. Ez da izan behar museo huts bat, zerbait estatikoa.
"ERAILDAKO LANGILEEI EGIN DAKIEKEEN OMENALDIRIK ONENA BORROKA MANTENTZEA IZANGO DA"
Daten aldetik, ba al dago aurreikuspenik?
Asko egon dira. Hasieran esaten ziguten 2022rako izango zela; gero, 2023rako. Eta orain esaten dute 50 urteurrenerako izango dela. Baina guretzat garrantzitsuena ez da noiz egingo den, nola egingo den baizik. Gure indarrak norabide horretara bideratuko ditugu. Biktimen iritziarekin, eta biktimek sentitzen dutena kontutan izanda egin behar da, eta horri emango diogu garrantzia. Partaidetza ahalbidetu behar da, bai Martxoak 3 edo Memoria Gara elkarteekin, baina baita Gasteizko herriaren. Gure ustez, Gasteizko herriak ere berea sentitu behar du proiektu hau.
Belaunaldi berriei seguruenera oso urrun geratuko zaie Martxoaren 3a. Suposatzen dut haiei begira ere tresna garrantzitsua izango dela...
Bai. Baina ez soilik beraiek Martxoak 3a ezagutu dezaten. Izan ere, gazteek orain bizi duten egoera ez da asko aldentzen 1976ko egoeratik. Garai horretan aldarrikatzen ziren bizi baldintzak gaur egun ere aldarrikatzen jarraitu behar dugu. Memoriala tresna bat izan behar da gazte horiek borrokarekin jarraitzeko. Azken finean, eraildako langileei egin dakiekeen omenaldirik onena izango da borroka mantentzea.
Bide penalari dagokionez, zertan dira Argentinan eta Europan abiatutako prozesuak?
Maria Servini Argentinako epaileak aurkeztutako kereilari dagokionez, dokumentazioa jasotzen jarraitzen dute, prozesuan aurkezteko. Europako bidea itxita gelditu zen erakundeek ez daukatelako azkenengo muturreraino iristeko aukerarik. Moztu egiten zaie bidea baldin eta biktimekin batera aurkezten ez badute. Guk eskaera luzatu diegu hiru erakundeei kereila berri bat egiteko. Ez soilik Martxoak 3ari buruzkoa, Frankismoan eta trantsizioan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak jasotzeko baizik. Beraiekin batera eskutik helduta joateko prest gaude. Duela urte batzuk aurkeztu zen Arabako kereila aurrera egiten lehenengoetakoa izan zen, eta gure esperientziak balio izan du beste leku batzuetako biktimak barneratzeko beraiek aurkeztu behar dituztela kereila horiek.