Erakundeen eta Martxoak 3 Elkartearen zein Memoria Gararen arteko tentsioak ez du behera egin Martxoaren 3aren 46. urteurrenaren atarian. Hiru baldintza jarrita aste honetan bertan Memorialari argi berdea eman ostean, ostiral honetan adierazpen gogorra plazaratu dute biktimen elkarteak eta Memoriala bultzatzeko herri ekimenak, erakundeei eta alderdi politikoei zuzenduta.
"Azken orduetan sortu diren adierazpen kontraesankorrak, nahasteak eta mesfidantzak direla eta, honako eskaera hau egiten diegu Gasteizko Udaleko talde politikoei eta Eusko Jaurlaritzari", dio dokumentuaren sarrerak, jarraian bi eskakizun zehatz egiteko.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren adierazpen publikoa eta sinatua, 2021ean adostutako lankidetza hitzarmenaren baldintzak errespetatuko direla bermatzeko; horrekin batera, ohartarazi dute ez dituztela fundazioaren estatutuak onartuko "erakundeek proposatu eta Martxoak 3 Elkarteak eta Memoria Garak onartu duten akordioa osorik errespetatuko dela bermatzen ez den bitartean".
Aipatutako baldintza nagusiak hiru ziren, erakundeen eta elkarte memorialisten arteko dokumentu trukaketaren testuinguruan:
- 2021ean Gogora eta Martxoak 3 Elkartearen artean sinatutako hitzarmena errespetatzea.
- Fundazioaren estatutuen helburuak zuzentzea (3. artikulua), jarduerak proposatu eta zuzentzeko orduan "ikuspegi dinamikoagoa eta etengabe eguneratzen dena" gehituz, baita "Egiaren, Justiziaren, Aitortzaren eta Erreparazioaren eskubideak maila guztietan" aldarrikatuz ere.
- Biktima bat lehendakariorde izendatzea fundazioaren patronatuan.
Erakundeen "biraketa"
Edonola ere, ostiral eguerdian, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzek gutun bat helarazi die Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteei. Gogora Institutuan Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, 2021ean adostutako "lankidetza hitzarmenarekiko konpromisoa" berretsi du.
Horretarako, Gogora institutuaren zuzendaritza kontseiluaren hurrengo bilerara, martxoaren 6an, 2021eko hitzarmenaren dokumentua eramango duela agindu du, otsailaren 16ko testu proposamena bertan behera utzita. Gainera, aipatutako kontseiluan "proaktiboki eta argudioz" defendatuko du hitzarmenaren "egokitasuna", hura baimentzeko helburuarekin.
Baimen hori onartu ondoren, Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu beharko du hitzarmena (txosten juridiko batekin eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostenarekin). Bertan onartu ondoren, Gogora Institutuko zuzendariak eta Martxoak 3 Elkarteko lehendakariak sinatuko dute azken dokumentua.
Azken erantzun horren aurrean, "erakundeen biraketa" ospatu dute Martxoak 3 Elkarteak eta Memoria Garak, honako hitzekin: "Ontzat ematen dugu sinatutako dokumentu hau, konpromiso instituzionalaren lehen berme gisa. Oso adi jarraituko dugu akordioa osorik bete dezaten eta prozesu honetan benetan parte hartuko dugula berma dadin".