Joan den ostiralean, Martxoak 3 Elkarteak jakitera eman zuen Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren estatutuak jaso zituela, astelehenean Gasteizko Udalean onartzeko asmoarekin, "dagokion batzordean gai-zerrendatik kanpo"; ondoren, ostiralean osoko bilkuran onetsiko litzateke. Horren aurrean, udal talde guztiei estatutuak "mahai gainean geratzea" eskatu zien elkarteak, Memoria Gara egitasmoaren eta Martxoak 3 Elkartearen batzarretan berretsi arte.
"72 ordu baino gutxiagoan ez dugu aztertzeko, eztabaidatzeko, ekarpenak egiteko eta, hala badagokio, dokumentu hori onartzeko gaitasunik", salatu zuten Martxoak 3 Elkarteak eta Memoria Garak. "Ia bi urte igaro dira erakundeek Memoriala sortzeko asmoen protokolo bat sinatu zutenetik. Ez dugu ulertzen zer arrazoi dagoen orain proiektu honen funtzionamendurako hain garrantzitsua den dokumentu bati hain denbora tarte laburra eskaintzeko".
Nolanahi ere, astelehena iritsi da eta Gasteizko Udalak atzera egin du: dokumentazioa aztertzeko eta estatutuei argi berdea emateko 72 orduko epea altxatu dute. Bizikidetza Saileko zinegotzi Miren Fernandez de Landak jakinarazi du puntu hori gaurko gai-ordenetik kanpo geratuko zela azkenean.
Udalaren lursaila
Estatutuen inguruan piztutako polemikaz harago, azken orduko beste elementu urbanistiko bat sartu da Memoriala sortzeko prozesuan. Izan ere, San Frantzisko eliza dagoen lursaila ez dago erregularizatuta, eta Udala informazioa biltzera Jabetzaren Erregistrora joan denean, sorpresa bat iritsi da: eliza dagoen lurzorua ez da Apezpikutzarena, Gasteizko Udalarena baizik.
Hau da, Memoriala eraiki ahal izateko, Gotzaindegiak eliza laga beharko luke, baina baita berea ez den lursail zati bat ere. Antza denez, 1968an Elizari eman zitzaion tenplua eraikitzeko baimena, baina lurzoruaren jabetza udalarena zen, eta gaur egun ere bada.
Orain, Gasteizko Udalak planteatu duen irtenbide posible bat da Udalak berak lursailaren jabetza Gotzaindegiari ematea, Gotzaindegiak Memorialari laga diezaion.