Astelehen goizean onartzekoak ziren Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioa sortzeko estatutuak. Martxoak 3 Elkarteak ostiralean jaso zuen dokumentazioa, hori aztertzeko eta ekarpenak egiteko 72 ordu baino gutxiagoko epearekin. Azkenean, biktimen elkartearen protesten aurrean, epea luzatzea erabaki du Udalak.
Hala ere, astelehenean bertan, Memoria Gara eta Martxoak 3 Elkartea erakundeetako ordezkariekin bildu ziren, estatutuen proposamenari erantzun bat emateko. Astearte goizean, berriz, bi elkarteek erantzun hori modu ofizialean plazaratzeko dokumentu bat helarazi diete Gasteizko udal taldeei eta udal gobernuari, baita Gogora institutuari ere.
ALEAk lehen eskutik ezagutu ahal izan duen dokumentuan, San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko Memorial bihurtzeko prozesuaren nondik norakoak gogora ekartzeaz gain, elkarteek Fundazioaren estatutuak aldatzeko lau eskaera zehatz luzatu dizkiete erakundeei:
- Gogora Institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen artean 2021eko azaroan adostutako lankidetza hitzarmenaren edukiak eta sinatzeko epea sartzea (gehienez sei hilabete); eta Gogora Institutuaren ordez, fundazioa osatuko duten erakundeak edo fundazioa bera agertzea.
- Fundazioaren helburuei dagokionez, jarduerak proposatu eta zuzentzeko orduan "ikuspegi dinamikoagoa eta etengabe eguneratzen dena" gehitzea, baita "Egiaren, Justiziaren, Aitortzaren eta Erreparazioaren eskubideak maila guztietan" aldarrikatzea.
- Fundazioaren Patronatuan Ohorezko Lehendakaritzaren figura sartzea, Martxoaren 3ko biktimen ordezkari batek botorik gabeko hitza izan dezan, biktimen aitortza gisa, Irlandako Bloody Sunday sarraskiari buruzko Free Derry Museoaren formulari jarraituz. Estatutuen egungo bertsioaren arabera, patronatuak hamasei kide izango lituzke: Eusko Jaurlaritzako hiru, Aldundiko hiru, Gasteizko Udaleko hiru, Apezpikutzako hiru,Martxoak 3 Elkarteko bi eta Memoria Garako beste bi.
- Martxoak 3 Elkartearen batzarrak estatutuak berretsi behar izatea. Hori dela eta, udal taldeen lehenengo erantzuna eskatu dute elkarteek, batzarrak behin betiko onar dezan.
Lankidetza hitzarmena, gauzatu gabe
2018an eratu zen Memoria Gara egitasmoa, Zaramagako San Frantzisko elizan, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren agertoki izandakoan, Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentro bat sortzeko helburuarekin. Harrezkero, bai Memoria Gara bai Martxoak 3 Elkartea erakundeekin harremanetan izan dira, proiektua elkarrekin sustatzeko.
2021eko otsailean, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Elizbarrutiak asmoen protokolo bat sinatu zuten Memoriala Zaramagako San Frantzisko elizan jartzeko.
"Bileretan egon den korapilo handienetako bat izan da nola ezarri formula egonkor bat Martxoak 3 Elkarteak azken hamarkadetan bildutako materiala lagatzea bermatzeko, baita biktimek espazioaren diseinu eta definizio prozesu osoan parte hartzea eta aholkatzea bermatzeko ere", azaldu dute bi elkarteek. Konponbidea 2021aren amaieran adostu zuten, biktimen elkarteak Gogora Institutuarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez, "lan esparru egonkor bat ezartzeko beharrari erantzuteko".
Hitzarmenak 35.000 euroko partida zuen aurreikusita 2022ko aurrekontuetan: "Hala ere, hitzarmena ez zen inoiz sinatu, partida hori ez zen inoiz gauzatu, eta 2023ko aurrekontuetatik desagertu da", deitoratu dute elkarteek. Zentzu horretan, Memoria Garak bi aldiz eskatu ditu horri buruzko azalpenak, 2022ko azaroaren 16an eta abenduaren 13an igorritako bi idazkitan: "Eskaera horri erantzunik eman gabe, hurrengo urratsa joan den ostiralean fundazioaren estatutuak eskura ematea izan da", kritikatu dute.