1976ko Martxoaren 3ko sarraskiaren oroimenerako zentroaren inguruan erakundeen eta Martxoak 3 Elkartearen artean sortutako polemikaren ostean, biktimen elkarteak urtarrilaren 26an jasotako behin betiko proposamena onartzea erabaki du. Gainera, Martxoak 3 Elkartearen asanbladak hartutako erabakiekin bat egin du Memoria Gara plataformak.
Horrela, Memoriala abian jartzeko bi aldeen arteko akordioak hiru oinarri nagusi izango ditu. Lehenik eta behin, 2021eko baldintzetan adostutako hitzarmena martxan jartzea (edukiak eta sinatzeko gehienez sei hilabeteko epea). Bigarrenik, fundazioaren estatutuetako 3. artikulua (helburuei buruzkoa) aldatzea, "ikuspegi dinamikoagoa eta etengabe eguneratzen dena" gehituz, eta "maila guztietan Egiaren, Justiziaren, Aitortzaren eta Erreparazioaren eskubideak" aldarrikatuz.
Hirugarrenik eta azkenik, fundazioaren lehendakariordetzan Martxoaren 3ko biktima bat izendatzea erabaki dute, hasiera batean Memoria Garak eta Martxoak 3 Elkarteko talde eragileak ohorezko lehendakaritza (hitzarekin baina botorik gabekoa) karguaren ordez.
Martxoak 3 Elkarteak azpimarratu du erabakiak "behin betiko izaera" duela, eta, beraz, "itxitzat" jotzen duela Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko prozesua abian jartzeari buruz urtarrilaren 13an hasitako negoziazioa, baita "deiak, mezuak eta dokumentuak trukatzeko" fasea ere. Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari, Udalari eta Gotzaindegiari eskatu diete "memoria gunearen sorreran aurrera egin dezaten, berehala eta akordioak errespetatuz, euren borondate politikoaren esku baitago".
Espainiako Gobernua
Azken egunetan Memoriala martxan jartzeko ekuazioan beste elementu bat sartu da: Espainiako Gobernuak patronatuan sartzeko asmoa agertu du, aurrekontu orokorretan proiektuarentzako 600.000 euro bideratu ostean. Horren aurrean, biktimen elkartea beldur zen egitasmoa abiarazteko epeak are gehiago luzatuko ote ziren. EAE, Araba eta Gasteizko erakundeek, berriz, ziurtatu dute oraingoz ez dutela eskaera ofizialik jaso, eta, iristekotan, aztertuko dutela.