Aurrera doaz Labraza eta Azazetako proiektu eolikoak, eta Arantxa Tapia sailburuaren arabera, 2024aren amaieran eta 2025ean gauzatu ahal izango dira, hurrenez hurren. Horretarako, lehenengo proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostena onartu berri dute, eta bigarrena iristear da.
Bitartean, EH Bildu, Elkarrekin eta PP udal taldeek Gasteizko Mendien babesa areagotzeko mozio bat aurrera atera dute Gasteizko Udalaren osoko bilkuran. Horrela, udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk kontra bozkatu duten arren, oposizio taldeek udalbatzaren akordioa erdietsi dute Eusko Jaurlaritzari eskatzeko "beharrezko izapide guztiak egin ditzala" Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko, "bai inguru horretan dauden Babes Bereziko Eremuek, bai Babes Bereziko Eremutik kanpo geratu diren ingurumen balio handiko eremuek izendapena behar bezala eta merezita lor ditzaten".
"Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu berriro ekin diezaiola lanei, eta eragindako toki erakundeekin lankidetzan egin dezala, haiek baitira, azken finean, ingurune natural hori mendeetan horrela kontserbatu dutenak, eta, bitartean, eremu horretan eragina izan dezakeen edozein proiektu geldi dadila; bereziki, Eusko Jaurlaritzak berak Azazetan bultzatu duen zentral eolikoa", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbak.
Era berean, mozioan Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Gasteizko Mendiak Parke Naturala planifikatzeko (PORN) eta kudeatzeko (PRUG) tresnak "CEArekin, Aldundiarekin eta tartean diren toki erakunde guztiekin koordinatu eta adostu" ditzala. Horretarako, inplikatutako kontzejuekin eta udalekin "berehala" bilerak egitea eskatu diote Jaurlaritzari, "informazioa emateko, negoziatzeko, ekarpenak jasotzeko eta dagozkion hobekuntzak proposatzeko, Arabako gainerako parke naturaletan deklaratu aurretik egin den bezala".