Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Iberdrolak osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuak 2025erako Azazetan eta Labrazan zentral eolikoak eraikitzeko bi proiektuek urrats garrantzitsua eman dute aste honetan.
Izan ere, Aldundiaren Ingurumen Sailak oniritzia eman die bi txostenei, nahiz eta teknikariek inpaktua murrizteko hainbat zuzenketa eskatu. Hala ere, aurreko txostenetan "ondorio negatibo oso nabarmenak" eta "eragin larriak eta oso larriak" hauteman zituzten arren, oraingoan moldaketa txikiagoak eskatu dituzte: hegaztien talken aurkako neurriak, linea elektrikoak lurperatzea, kaltetutako eremuen baso-berritzea... Horretarako, Aixeindarrek proiektua moldatu behar izan du, zortzi aerosorgailuetako biren kokapena aldatuz.
Hortaz, Azazetako proiektuaren inguruko azken hitza Eusko Jaurlaritzak izango du hemendik aurrera, oraingoz Araban parke eolikoen ezarpena arautzeko Lurralde Plan Sektorialik (LPS) ez dagoen arren. Labrazako proiektuaren kasuan, berriz, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Energetikoaren Ministerioak eman beharko du behin betiko onespena.
Parke bakoitzak 40 MW-eko potentzia sortzeko ahalmena izango luke, 200 metroko altuerako zortzina aerosorgailuren bitartez. Nolanahi ere, Azazetako mendatetik Galartza mendiaren tontorreraino doan proiektuak inguruko bizilagunen, talde ekologisten eta oposizioko alderdien arbuioa eragin du; adibidez, EH Bilduk aste honetan eskatu du Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko lanak berrartzea.