Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea proposatu dute

Erredakzioa 2022ko abe. 21a, 12:20

Azazeta, Gasteizko Mendien magalean. / ALEA

EH Bilduk Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea proposatu du Azazetako zentral eolikoa geldiarazteko, eta "interes ekonomikoengatik" aukera horri uko egin izana leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

"Gero eta nabariagoa da Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeari, interes ekonomikoak eta proiektuak ezkutatzen dituelako, balio natural handiko gune horren kontserbazioaren aurretik", salatu du EH Bilduk, Mikel Oterok, Eva Lopez de Arroyabek eta Rocio Viterok Gasteizko Udalean ekimena aurkezteko egindako agerraldian. "Azken adibidea Azazetan zortzi aerosorgailuko zentral eoliko bat eraikitzeko proiektua da, nahiz eta ingurumen txosten guztiek inpaktu larriak eta atzeraezinak daudela ohartarazi".

Horren aurrean, EH Bilduk arabar mendilerroa parke natural izendatzeko —ingurune natural bati eman dakiokeen babesik handiena— lanei berriro ekitea proposatu du. Eta horretarako mozio bana aurkeztuko du inplikatutako erakunde guztietan: Eusko Legebiltzarrean, Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteiz, Arraia-Maeztu eta Bernedoko udaletan. Izendapenarekin batera, eremu horretan eragina izan dezakeen "edozein proiektu" geldiaraztea eskatuko dute mozioetan; zehazki eta bereziki, Eusko Jaurlaritza Azazetan bultzatzen ari den zentral eolikoari dagokionez.

"EAJ tranpa guztiak ari da erabiltzen zentral eoliko bat babes eremu batean sartu ahal izateko. Beraz, parke naturaleko deklarazioa da ingurune hori babestea bermatzen duen elementu bakarra", azaldu du talde subiranistak. Gainera, prozesu hori tokiko erakundeekin lankidetzan garatzeko beharra azpimarratu du EH Bilduk, "haiek baitira azken finean mendeetan ingurune natural hori kontserbatzea ahalbidetu dutenak".

Aldarrikapen historikoa

Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko lehen proposamena duela 17 urte egin zen, 2005ean. Hainbat urtez geldirik egon ostean, Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk erabaki zuen egungo babes bereziko eremua (KBE) zabaltzea: Gasteizko Mendien goiko aldeko 1.800 hektareara mugatuta zegoena 5.000 hektarea izatera igaro zen, teorian behintzat.

Baina EH Bilduren ustez, horrek "babes figurarik gabe" uzten ditu Gasteizko Mendien Eremuko Natur Baliabideak Antolatzeko Planean jasotako beste 9.000 hektarea inguru; izan ere, plan horrek 13.631 hektareako eremua parke natural izendatzea proposatzen zuen. Hortaz, aurreikusitakoaren bi heren inguru geratu da kanpoan. "Eremu horrek guztiak ahalik eta babes handiena merezi du", aldarrikatu du Oterok.

Mikel Otero, Rocio Vitero eta Eva Lopez de Arroyabe, agerraldian. / Argazkia: EH BILDU

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago