Aurrera egin du Labrazako parke eolikoaren ingurumen inpaktuaren txostenak

Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 12:51

Labrazatik kilometro eskasera kokatuko dute parke eolikoa. PHOT.OK

Arantxa Tapia sailburuaren arabera, Labrazako proiektu eolikoa 2024aren amaieran gauzatu ahal izango da.

Labrazan parke eolikoa egiteko proiektuak aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena jaso berri du Espainiako ministerioen aldetik, eta Azazetako proiektua "berehala" prest egongo dela jakinarazi du goizean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Sailburuaren arabera, Labrazako proiektu eolikoa 2024aren amaieran gauzatu ahal izango da.

Oionen kokatu nahi duten Labrazako parke eolikoak zortzi aerosorgailu izango ditu, eta 40 megawatt ekoizteko gaitasuna energia sortzeko ahalmena izango du. Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sortutako elkarteak sustatutako egitasmoa da. EAEri eta Nafarroari eragiten dien proiektua denez, Espainiako Ministerioen tramitazioa behar izan du, eta aldeko txostena jaso berri du. 

Azazetakoaren zain

Azazetako instalazioak ere zortzi aerosorgailu aurreikusten ditu eta 40 megawatt (MW) sortzeko gaitasuna izango du. Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Arraia-Maeztu eta Bernedo udalerrietan kokatuko da. Kasu honetan ere Aixeindar da proiektuaren sustatzailea. Eusko Jaurlaritza Azazetako instalazioari dagokion Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena amaitzen ari da une honetan, eta tramitazioa osatu egingo da Arabako Foru Aldundiak Plan Berezia onartzen duenean. Eusko Jaurlaritza Azazetako instalazioari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena amaitzen ari da une honetan. Tramitazioa osatu egingo da Foru Aldundiak Plan Berezia onartzen duenean. "Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak kautelazko neurriak proposatzen ditu, baita beste neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile batzuk ere, eta horiek kontuan hartu beharko dira egikaritze-proiektua idazterakoan".

Une honetan, EAEk kontsumitzen duen energiaren %10 sortzen du, eta 2030erako %15 sortzea da helburua, iturri berriztagarriak erabiliz.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago