Informazio publikoa izan behar zena El Correo ordainpeko hedabidearen bitartez filtratu eta egun bat beranduago, akordioa ofizialki aurkeztu dute erakundeek: Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen Asisko San Frantzisko elizak hartuko du Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa, eta gunea kudeatuko duen fundazio bat sortzea sustatuko dute lau erakundeek.
Gasteizko sarraskitik ia 45 urte igaro direnean, asmoen protokolo bat elizan bertan sinatu dute Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzainak. Erakundeak bat etorri dira gaurkoa "egun historikoa" dela adieraztean.
???? Horrela aurkeztu da martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa San Frantzisko elizan jartzeko akordioa. ???? Así se ha presentado el acuerdo para ubicar el Memorial de Víctimas del 3 de marzo en la iglesia de San Francisco. pic.twitter.com/Rpgrtiz5f8
— Vitoria-Gasteiz! (@vitoriagasteiz) February 18, 2021
Elizaren erabilera lagapena
1976ko Martxoaren 3an, bost langile hil zituen polizia armatuak, elizan bertan eta inguruetan egindako tiroen ondorioz: Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro Maria Martinez Ocio. Gainera, ehunka pertsona zauritu ziren.
2014tik ez da elizkizunik egin, eta memoria historikoaren aldeko eragileek urte luzez eskatu dute espazioaren birmoldaketa. Orain, Elizbarrutiak elizaren erabilera lagako dio sortuko den fundazioari, Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorreran aurrera egin dezan.
Oraingoz, ez dago proiektuaren inguruko informazio handirik, eta hurrengo hilabeteetan ezagutzen joango dira xehetasunak: memoriaren aldeko eragileen parte hartzea, memorialaren edukiak eta kudeaketa edo datak, besteak beste.
Oroimena, egia eta aitortza
"Erakundeen lidergotik eta gizarte lankidetzatik abiatzen den proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, erakunde memorialisten, biktimen familiartekoen eta Martxoaren 3ko biktimen militantzia zuten langileen sindikatuen parte hartzea duen proiektuaren aldekoa. Norabide horretan ari gara lanean, eta, horretarako, bilerak eta kontaktuak izan ditugu azken hilotan", azaldu du Artolazabalek.
"Gaur lehen harria jarri dugu hemendik aurrera oroimenaren gune eta elkarbizitzarako itsasargi izan dadin", azpimarratu du Artolazabalek; bere ustez, "oroimenerako, egiarako eta aitortzarako eskubidea ez da preskribatzen". Zentzu horretan, Espainiako estatuaren erantzukizunaz ohartarazi du: "Espainiako estatuak, egindako kaltea aitortzeaz gain, bere autokritikan eta aitorpenean irmoa izan behar du: bidegabea izan zen, erabat bidegabea".
Agertoki berria biktimentzat
ALEAk Martxoak 3 Elkarteko kideekin hitz egin zuen asteazkenean, El Correok argitaratutako informazioen inguruko lehen balorazio bat jasotzeko. Lehenik eta behin, Gasteizko sarraskiaren biktimak biltzen dituen elkartearen proiektua Memoria Gara egitasmoa dela berretsi dute. Orain arte erakundeek "baztertu" egin dute proiektu hori, azaldu dutenez: "Dena Martxoaren 3agatik, baina Martxoaren 3ko biktimekin kontatu gabe", deitoratu dute.
Gainera, akordioaren berri prentsa bidez izan dutela baieztatu dute. Hala ere, aurrerapauso bat dela uste dute: "Oso gaizki kudeatu dute, baina oso albiste ona da; lortu dugu eta orain beste bataila bat hasiko da, fase berri bat. Orain gure borroka kudeaketan izango da, edukietan, memoria eragileen parte hartzean...".
Larunbat honetan, otsailaren 20an, Memoria Gara ekimenak prentsaurreko bat eskainiko du Martxoak 3 plazan, 11:00etan, agertoki berria baloratzeko.