Martxoaren 3ko Memorialerako inbertsioa nabarmen murriztu du Gogorak

Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 12:00

Zaramagako Asisko San Frantzisko Eliza, Martxoaren 3ko monolitotik ikusita. / ALEA

2022an zehar, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ez du gauzatu Martxoaren 3ko Memorialerako aurrekontuaren zentimo bakar bat ere. Gainera, %40 murriztuko du 2023an.

2021eko otsailean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Juan Carlos Elizalde gotzainak asmoen protokolo bat sinatu zuten Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren elizan.

Aipatutako lau erakundeek "egun historikotzat" jo zuten eszenifikazio hura. Azkenik, publikoki konpromisoa hartu zuten Martxoaren 3aren Oroimenerako Zentroa sortzeko prozesua abian jartzeko, 1976an poliziak sarraskitutako langile batzarra hartu zuen eraikin berean. Horrela, hainbat urtez Arabako hiriburuan sozializatzen ari zen aldarrikapena bat jaso zuten; Memoria Gara ekimena zen egitasmoaren buru, Martxoak 3 Elkartearen babesarekin.

Inplikatutako hiru gobernuak EAJ-PSE koalizio beraren esku daude, eta Gasteizko zein Arabako gobernuek berehala eskuordetu zizkioten Urkullu lehendakariak zuzendutako taldeari prozesuaren gidaritza zein kudeaketa ekonomiko guztia. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bidez, anbizio handiko proiektu horretarako lehen aurrekontuak antolatu zituen. Guztira 485.000 euro bideratu zituen 2022ko ekitaldirako, lau partida hauetan banatuta:

  • Martxoak 3 Elkartearekiko hitzarmena: Memorialerako materialak eta edukiak ikertzeko, inbentariatzeko eta garatzeko: 35.000 euro.
  • Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa: ustiapen aurrekontua finantzatzea: 50.000 euro.
  • Martxoaren 3ko Memoria Gunerako ideien lehiaketa: 150.000 euro.
  • Martxoaren 3ko Memoria Gunearen proiektua gauzatzea: 250.000 euro.

Ia bi urte igaro dira 2021aren hasierako "egun historiko" hartatik. Erakundeen ustezko borondate hori partida ekonomikoetan islatzekoa zen lehen aurrekontu ekitaldia amaitzear da jada. Eta, ALEAk jakin duenez, balantzea latza da: zero euro gastatu dira 2022 osoan zehar. Ekitaldi honetan ez da ezertxo ere gastatu aurrekontuaren lau partidetako bakar batean ere. Eta ez hori bakarrik: esleitutako kopuruetako bat murriztu da.

 

Murrizten joan den partida misteriotsua

Bereziki deigarria da Martxoaren 3ko Memoria Gunerako ideien lehiaketarako 150.000 euroko zenbatekoa. Izan ere, kopuru hori hiru aldiz murriztu da 2022ko azken seihilekoan.

Lehenengo aldaketa ekainaren 30eko aurrekontu-betearazpenaren balantzean iritsi zen: orduan, 150.000 eurotik 118.000 eurora murriztu zen. Hilabete geroago, uztailaren 30eko txostenak honako datu hau eskaini zuen: esleitutako zenbatekoa 53.000 eurora jaitsi zen. Gaur egun Jaurlaritzaren atarian argitaratutako datuen arabera, partida horren azken murrizketa 2022ko irailaren 30ean gauzatu zen: hasieran aurrekontuan sartutako 150.000 euroak 10.419 euro baino ez dira. Beraz, guztira 139.581 euro murriztu dira partida horretan, ageriko arrazoirik eta informazio publikorik gabe.

Nolanahi ere, partida misteriotsu horretatik harago, 2022rako aurrekontuaren betearazpenak %0-koa izaten jarraitzen du.

%40 gutxiago 2023rako

2022ko aurrekontuetan sartutako eta gerora murriztutako eta exekutatu gabeko 485.000 euro horiek 290.000 baino ez dira izango hurrengo ekitaldian. Horrek esan nahi du 2023rako %40 gutxiago inbertituko dela: aurreko ekitaldiko lau partidak orain bi baino ez dira; 35.000 euroko hitzarmena eta ideia lehiaketarako 150.000 euroak zero eurotan geratuko dira. Gainera, 10.000 euroko beste murrizketa bat gehitu behar zaio fundazioari bideratutako zenbatekoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago